San Juan jaietan kontzertua emango duzue. Zer espero duzue?
Egia esanda, oraindik ez dut mapa ere begiratu eta ez dakit oso ondo nora noan; kar-kar. Baina Euskal Herrira jotzera goazen bakoitzean primeran pasatzen dugu. Hamarreko publikoa duzue. Horregatik, beti joaten gara gogoz, harrera bikaina izaten dugulako.
Arrasateko sanjuanetan adin guztietako jendea elkartzen da. Horrek kontzertua baldintzatu dezake?
Ez bereziki. Hasieran, agian, publiko oso zehatza genuen, baina urteekin gure soinua garatzen joan gara eta gero eta jende gehiagorengana iristen gara. Horregatik, adin askotariko ikusleak egotea ez da arazo bat, kontrakoa baizik.
Zein alde dago musika jaialdi batean edo jaietako plaza bete baten aurrean jotzearen artean?
Lehen, bereizketa handiagoa egiten nuen, baina gaur egun, gero eta txikiagoa. Jaietan jende askok ez zaitu ezagutzen eta ez daki zer egingo duzun. Baina gure musikak, normalean, arreta erakartzen du: dibertigarria da, eta energia askokoa. Horregatik, berdin zait non jo.
La Perra Blanco zuzenean ikusi ez duenak zer aurkituko du?
Ikuskizun oso dibertigarria. Publikoarekin gertutasuna bilatzen dugu beti; jendeak senti dezala lagun baten etxean dagoela, kopa bat hartzen eta gitarra entzuten. Rock-and-rolla egiten dugu, bluesa, rhythm-and-bluesa eta afroamerikar sustraiak dituzten estilo guztiak nahasten ditugu. Guztia irabiagailuan sartu eta gure erara ateratzen den zerbait da. Eta, batez ere, oso ondo pasatzeko musika.
Zer behar da kontzertu bat arrakastatsua izan dela esateko?
Nire ustez, publikoak ondo pasatzea da garrantzitsuena. Nik bakarrik gozatzen badut eta publikoak ez, ez dut sentitzen kontzertua ona izan denik. Eta alderantziz ere berdin.
Nola deskribatuko zenuke euskal publikoa?
Oso berezia da guretzat. Cadiztik kanpo jotzen hasi ginenean, lehenengo lekuetako bat Euskal Herrian izan zen. Eta, kuriosoa bada ere, hemen asko jo dugu urte hauetan. Ez dakit zer gertatzen den, baina harrera ikaragarria izan dugu beti. Taldearen hasierako kontzertu handienetako bat Bilbon eman genuen, eta ordutik lotura oso berezia sortu da publikoarekin.
Eta Arrasaten ze publiko espero duzue?
Ez nekien herriko jaiak zirenik ere. Batzuetan agenda hain beteta dugu, ezen ez baitakigu oso ondo nora goazen; niri gustatzen zait nora noan jakin gabe joatea eta aurreiritzirik gabe iristea. Beti izan dugu publikoaren babesa, eta ziur nago oso ondo pasatuko dugula.
Zer egingo zenuke gustura sanjuanetan?
Egia esan, gustatuko litzaidake lasai-lasai kopa bat hartzea, normalean egiten ez dudan zerbait. Baina biharamunean Herbehereetan joko dugu eta Bilbon hartu behar dugu hegaldia; beraz, uste dut oraingoan ere ez dela posible izango. Hala ere, oroigarri onena ikusleak pozik ikustea izango da.
Zer esango zenioke sanjuanetan lehen aldiz ikusiko zaituen Arrasateko jendeari?
Etortzeko aurreiritzirik gabe eta ondo pasatzeko prest. Guk daukagun energia guztia emango dugu oholtza gainean.
Kontzertu perfektua esaldi bakarrean definitu beharko bazenu?
Kontzertu perfektua… bizi-bizia den bat.
Amaitutakoan, zer gustatuko litzaizuke jendeak zuei buruz esatea?
Bizi-bizia, baita ere. Hori da gure helburua: elkarrekin esperientzia ahaztezina bizitzea.