Lurraldebusen eta Udaleko taxiaren zerbitzu bereziak sanjuanetarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko ekainaren 19a

Zalduspeko autobus geltokia, artxiboko irudi batean.

Sanjuanetarako errefortzu berezia izango da garraio publikoan: Lurraldebusek ekainaren 23ko, 25eko eta 26ko gauetarako zerbitzu bereziak izango ditu eta Arrasateko Udalaren landa eremuko taxi zerbitzua ere ekainaren 23tik 24rako gauean, 22:00etatik 08:00etara. 

Lurraldebus zerbitzu berezia izango da gauean, eskualdeko herrien artean. Ekainaren 23, 25 eta 26an gauetako zerbitzuak izango dira, urteko gainerako zapatuko linea (DG40G eta DG41G) eta ordutegi berberekin. Ordutegiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileari arreta emateko 900 300 340 telefonoan kontsultatu ahal izango dira. Mugikortasuneko diputatu Azahara Dominguezek azaldu du, ohar bidez, zergatik jarri dituzten zerbitzu bereziak sanjuanetarako: "Jaiak modu seguruagoan, jasangarriagoan eta eskuragarriagoan gozatzeko helburuarekin, eta berriro ere Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditugu, nahi duen orok garraio publikoko zerbitzu bat izan dezan Arrasatera hurbiltzeko. Kalitatezko zerbitzu publiko baten alde egiteak, mugikortasun iraunkorrago baterantz aurrera egiteko aukera emateaz gain, herritarren bizi-kalitatea hobetzen eta bizitzako hainbat arlotako sarbidea demokratizatzen laguntzen digu, baita aisialdikoa ere, pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatuz". 

Arrasateko Udalaren auzo taxia

Arrasateko Udalak ekainaren 23an, San Juan bezperaren egunean, taxi zerbitzua jarriko du landa auzoan bizi diren bizilagunentzako. "Azken urteetan izandako arrakasta ikusita, zerbitzua errepikatzea erabaki dugu. Modu honetan, landa auzoak eta erdigunea modu seguruan konektatu nahi ditugu", adierazi dute Udaletik. Zerbitzua adin guztietako pertsonentzako izango da, betiere landa auzoarekin konektatzeko bada. Zerbitzua soilik emango da Udala, Bedoña, Meatzerreka, Garagartza, Gesalibar edo herriko beste landa gune batzuetan kokatutako baserrietara mugitzeko. Atez ateko zerbitzua eskainiko da bidaiarien segurtasuna bermatzeko.

Oraingoan ere, euro bateko ordainketa sinbolikoa egin beharko du pertsona bakoitzak: "Modu honetan, autobus zerbitzuarekin parekatuko dugu zerbitzua".

Ekainaren 23tik 24rako gauean eskainiko da taxi zerbitzua, 22:00etatik 08:00etara. Horretarako, aurrekoetan egin bezala, 688 73 52 23 telefonora deitu beharko da (21:30etik aurrera martxan egongo da), eta taxistekin hitzordua adostu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak