Ohiko egitura izango dute zezen-ekitaldiek, entzierroekin eta errekortariekin

Olaia Milikua 2026ko ekainaren 22a

Iazko sanjuanetako bigarren entzierroa zezen-plazan. GOIENA

Aurten ere zezen-ikuskizunek ohiko egiturari eutsiko diote Arrasateko jai nagusietan. Bergarako Zezenak ganadutegiko Iñigo Almortzaren esanetan, azken urteotan mantendu den formula arrakastatsua da, eta horregatik errepikatuko dute aurten ere: hiru entzierro, errekortarien ikuskizuna eta errekortarien eskola ibiltaria. Bergarako Zezenak lehen aldiz arituko da entzierroetan. 

Almortzak nabarmendu duenez, Arrasatek zezenzaletasun handia du, eta horrek erantzun bikaina bermatu izan du urtez urte. Arizmendiarrieta plazan jartzen den zezen-plazak 1.500 lagunentzako edukiera badu ere, sarritan guztiz betetzen da, eta kanpoan geratzen dira sartu ezinik hainbat ikusle. Horregatik, aurten Udalak aurrez jarri ditu salgai sarrera batzuk. 

Bergarako Zezenak, entzierroetan

Entzierroetan ohiko ibilbidea izango da aurten ere: zezenak eta korrikalariak Erdiko kaletik igaroko dira, Kanpatorpea zeharkatu, Zerkaostetatik behera jaitsiko dira eta Arizmendiarrieta plazako zezen-plazara iritsiko dira. Berritasun nagusia ganadutegian egongo da: urte luzez Manzarbeitiako zezenak izan badira entzierroetako protagonistak, aurten Bergarako Zezenak ganadutegiko abereak ibiliko dira Arrasateko kaleetan barrena. Bereziak izango dira Bergarako Zezenak ganadutegiarentzat aurtengo sanjuanak; izan ere, iaz, tuberkulosi kasu baten ondorioz, ganadutegiko abere guztiak hil behar izan zituzten, eta Arrasateko jaietan egingo dute berragertzea. "Urduri eta irrikaz gaude, ea gure zezenek eta publikoak ondo erantzuten duten, eta dena ondo irteten den", adierazi du Almortzak. 

Euskal Herriko errekortariak

Errekortarien saioak ere aldaketa izango du aurten: azken urteetan Arrasaten jokatu izan den Errekortarien Txapelketaren ordez, Euskal Herriko Errekortarien Ikuskizuna antolatuko dute. Bertan hainbat debagoiendarrek hartuko dute parte: Unai Arana, Anartz Almortza, Blas Cruz eta Jon Maiztegi bergararrek eta Ander Martinez Txino aretxabaletarrak. Debagoiendarrekin batera Ander Gallastegi eta Sergio Zapatero durangarrak arituko dira. 

Gaztetxoek, eskola ibiltaria

Eguenean egingo dute errekortarien eskola ibiltaria. Gaztetxoei zuzendutako ekitaldian, 16 urtetik beherakoek gezurrezko zezenekin hartuko dute parte, eta adin horretatik gorakoek, benetako zezenekin. 

Almortzak eskerrak eman dizkie zezen-ekitaldiak babesten dituzten arrasatearrei, eta zezen-ikuskizunetara animatzeko dei egin du. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak