Urtero bezala, suaren inguruan ospatuko du Arrasatek San Juan bezpera

Olaia Milikua 2026ko ekainaren 22a

Iazko jaietako errementari dantza, suaren inguruan. GOIENA

San Juan bezpera izango da jaietako egun nagusietako bat, eta ohiko ekitaldi esanguratsuenak bilduko ditu berriro ere: errementari dantza, sua eta helduen danborrada. Aurten, baina, eskoziarren konpainia faltako da azken horretan. 

Danbor hotsez, dantzaz eta suz jantzita iritsiko dira aurten ere San Juan jaiak Arrasatera. Joan den zapatuan, hilak 13, egin zuten haurren danborradarekin hasi zen jai giroa, eta, hari jarraipena emateko, San Juan bezperan ospatuko dira urteroko hitzordu esanguratsuenetako batzuk: errementari dantza, sua eta helduen danborrada.

San Juan bezpera txosnen txupinazo eta irekierarekin hasiko da, 12:30ean. Ondoren, puzgarriak izango dira Biteri plazan eta gazteek gazte bazkaria egingo dute Uarkape pilotalekuan. Arratsalde osoan ekintza ugari izango dira: txopo-poteoa, makala jasotzea eta herri kalejira. Seber Altube plazan Esna Gaztek gidatutako disko-festa izango da txikientzat, 18:30ean, eta 19:30ean Salbe Solemnea egingo dute San Juan Bataiatzailearen parrokian. 21:00etan hasita izango dira San Juan jaiei urtero hasiera ematen dieten ohiko ekitaldiak: errementari dantza, San Juan sua eta helduen danborrada.

Errementari dantza

Martitzenean, 21:00etan, abiatuko da Arrasaten hain maitatua den errementari dantza. Jose Ramon Vitoria musikagileak konposatu zuen, herrian txertatu zuen, eta, ordutik hona, San Juan bezperako ezinbesteko hitzordua da. 

Aurten ere ohiko ibilbideari eutsiko diote dantzariek. Zaldibartik abiatuko dira eta herriko kaleetan barrena egingo dute ibilbidea, doinu tradizionalen erritmoan. Urtero bezala, herritar ugari biltzea espero da kale bazterretan, dantzarien eta musikarien joan-etorria gertutik jarraitzeko. Ibilbidean zehar hainbat geldialdi egingo dituzte, eta Herriko Plazan amaituko dute. Bertan elkartuko dira dantzariak, musikariak eta ikusleak, eta suaren inguruan egingo dute azken dantza. Une horrek errementari dantzaren amaiera markatuko du, eta, aldi berean, San Juan sua pizteari bide emango dio; gaueko ekitaldirik esanguratsuenetako bat hasiko da orduan. Bidea herriko hainbat talderekin egingo dute dantzariek: Erraldoi eta Kilikien Konpartsa, Arrasateko Trikitixa Eskola, Udalaxpe txistulariak, gaiteroak eta Arrasate Musikaleko Banda. Ttakuneko kideak arduratuko dira txalapartaz, eta Portaloikoek kantuz girotuko dute desfilea. 

22:30ean piztuko dute sua

San Juan sua 22:30ean piztuko dute, Herriko Plazan. Sua pizteko ardura Arrasateko dragoiak izango du, eta, ondoren, Maider Morras alkateak egingo du ohiko agurra: aurreskua dantzatuko du, eta dantza amaitutakoan alpargatak sutara botako ditu; urtero errepikatzen den keinu sinbolikoa da hori. Ekitaldi horrek San Juan gaueko unerik esanguratsuenetako bat markatzen du, tradizioa eta sinbolismoa uztartzen dituena.

Helduen danborrada

Eguna amaitzeko, suaren ondoren hartuko dute protagonismoa helduen danborradako kideek. 23:15ean abiatuko da, Biteri plazatik. Uniformea jantzita eta doinu ezagunen erritmoan, herrigunea zeharkatuko dute danbor-joleek eta upel-joleek, eta ikusle ugari erakarriko dituzte. San Juan bezperako gaua amaitzeko ezinbesteko hitzordua da, eta urtez urte jaietako giroa eta parte-hartze herrikoia indartzen laguntzen duen ekitaldi bihurtu da.

Aurten, konpainia hauek beteko dituzte kaleak: Danborreroak, Musakola, Santa Maña, Beti Gazte, Beti Alai, Arrasate Herri Eskola, Txalaparta, Montxon, Gelma eta Sanan. Aurtengo edizioak, gainera, bi berritasun nabarmen izango ditu: batetik, Gelma konpainia danborradara itzuliko da, iaz ez baitzuen parte hartu; bestetik, Sanan konpainiak lehen aldiz egingo du desfilea. San Andres auzoan sortu berri den taldeak 30 lagun biltzea lortu du aurten, eta horri esker estreinakoz hartuko du parte danborradan. Parte-hartzaileen eta ikusleen presentzia handia espero da aurten ere, San Juan jaietako ekitaldirik jendetsuenetako bat izaten baita.

Beste urte batez, Eva Romero izango da zuzendari nagusia, eta haren gidaritzapean joko dituzte ekitaldiko abestiak. Bezpera eguna gerturatzen ari dela jakinda, danborradako kideak murgildu dira azken entseguetan. "Gogotsu" daudela dio Romerok: "Kristoren giroa dago entseguetan, jendea oso animatuta dago". Azaldu duenez, entseguak astelehen eta eguaztenetan egin dituzte, Zaldibarren, 20:30etik 21:30era. Guztira hamar saiotik gora egin dituzte danborrada prestatzeko. Prestaketa lanak maiatzaren 18an hasi zituzten, eta astelehenean bukatuko dituzte, Herriko Plazan egingo duten entsegu orokorrarekin.

Aurten, eskoziarrik ez

Sanjuanetako helduen danborradako eskoziarren konpainiak jakinarazi du aurten ez dela Zaldibarren izango. Ohar baten bidez azaldu dutenez, erabakia ez dute motibazio faltagatik hartu, baizik eta danborradaren antolaketaren inguruan azken hilabeteetan izandako eztabaida eta hausnarketen ondorioz.

Konpainiaren arabera, ekainaren 23ko egitaraua "gainezka" dago, eta horrek zailtasunak eragiten ditu antolakuntzan, parte-hartzaileen eta ikusleen artean. Hori dela eta, urteak daramatzate helduen danborrada ekainaren 24ra aldatzeko proposatzen.

Eskoziarrek diotenez, hainbat konpainiak eta bestelako eragilek begi onez ikusten dute aldaketa hori, parte-hartzea handitu, ikusgarritasuna hobetu eta ekitaldiaren etorkizuna bermatzeko baliagarria izan daitekeelakoan. Era berean, data aldaketa behin-behinean probatzeko aukera mahai gainean jartzea ere proposatu dute.

44 urtez jarraian danborradan parte hartu ondoren, pandemiako etenaldia salbu, aurten atseden hartzea erabaki dute. Oharrean adierazi dutenez, "nekatuta eta etsita" sentitzen dira, eta horregatik ez dira aurtengo danborradan izango. Hala ere, 2027an berriz elkartzeko nahia agertu dute.

Eskoziarren erabakiaren harira, danborradaren antolatzaileek konpainiaren jarrera errespetatzen dutela adierazi dute. Azaldu dutenez, taldeak bere baitan hartutako erabakia da, eta errespetuz hartu dute. Nolanahi ere, datorren urtera begira elkarrizketarako borondatea azaldu dute, adostasuna lortzeko helburuarekin. "Berriz ere bilduko gara, eta ea adostasun batera iristen garen. Azkenean, kaltetu bakarra danborrada bera da", adierazi dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak