Arrasatek ongietorria egingo die iazko jaietatik hona jaiotako 162 haurrei

Olaia Milikua 2026ko ekainaren 19a

Aurtengo Bergarako jaietako ongietorri-ekitaldian, haur bat zapia jantzi berri. GOIENA

Ekitaldiaren bidez, familia berriei ongietorria eta aitortza egin nahi diete, baita herriaren etorkizuna gaur jaiotzen ari diren belaunaldien esku dagoela azpimarratu ere. Izan ere, haur horiek izango dira Arrasateren etorkizuna.

Arrasatek hitzordu berezia izango du domekan, hilak 21. Izan ere, 11:30ean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, iazko San Juan jaietatik hona jaiotako haurrei ongietorria egiteko ekitaldia egingo dute, lehen aldiz. Udalak sustatutako ekimenak herriko familia berriak erdigunean jarri nahi ditu, belaunaldi berriak komunitatearen parte direla azpimarratzeko eta haien etorrera modu sinbolikoan ospatzeko.

Azken urtean, 2025eko ekainaren 1etik 2026ko ekainaren 1era bitartean, 162 haur jaio dira Arrasaten, eta guztiak gonbidatu dituzte ekitaldian parte hartzera. Antolatzaileek ez dute aurretiazko izen-ematerik edo parte-hartze konfirmaziorik eskatu. Horregatik, ez dakite zenbat familia bertaratuko diren, baina ateak zabalik egongo dira nahi duten guztientzat.

Ekimenaren helburua ez da jaioberriak agurtzea soilik. Udalaren esanetan, familia berriei aitortza egin nahi zaie, eta, aldi berean, herriaren etorkizuna belaunaldi berrien eskutik eraikitzen dela azpimarratu. Izan ere, gaur egun besoetan diren haur horiek izango dira etorkizunean Arrasateko kaleak, plazak, ikastetxeak, kirol taldeak eta jaiak bizirik mantenduko dituzten herritarrak.

Eskualdea erreferentzia

Jaioberriei ongietorria egiteko ohitura ez da berria Debagoienean. Eskualdeko hainbat herritan urteak daramatzate antzeko ekitaldiak antolatzen, eta, denborarekin, herritarren artean harrera beroa izan duten ekimen bihurtu dira. Arrasatek ere bide horri helduko dio aurten, lehen aldiz. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, beste herri batzuetan ikusi dute formatua sinplea izan arren herritarren artean oso harrera ona izaten dutela, eta horrek bultzatu ditu antzeko ekimen bat martxan jartzera.

Komunitatea eraikitzen

Udal Gobernuak agintaldiaren hasieran komunitatea sendotzea jarri zuen lehentasunen artean. Herri bizi eta aktibo baten aldeko apustua egin duela azaldu du, eta horretarako hainbat ekimen garatu ditu azken urteotan. Jaioberrien ongietorria egiteko ekitaldia norabide berean kokatzen dute, herritarren arteko harremanak eta kohesio soziala indartzeko tresna gisa. Udal ordezkarien esanetan, komunitate sendoak ez dira azpiegiturekin edo zerbitzuekin soilik eraikitzen; elkarren arteko loturek ere garrantzi handia dute. Horregatik, belaunaldi berrien etorrera ospatzea modu bat da herriaren kohesioa indartzeko eta familia berriak sare komunitario horren parte sentiarazteko. Gainera, ekitaldiak lotura zuzena izango du Arrasaten azkenaldian berreskuratutako beste ekimen batzuekin; horien artean dago Arrasaten erroldatzen diren herritar berriei ongietorria egiteko programa, herrira iritsi berriak diren pertsonak komunitatean txertatzeko helburua duena.  

Aniztasuna eta bizikidetza

Ekitaldiaren sustatzaileek bereziki azpimarratu dute aniztasuna eta bizikidetza izango direla ekitaldiaren balio nagusiak. Ekimen horrek Arrasateko gaur egungo errealitatea islatzeko balioko du. Azken urteetan herria gero eta pluralagoa da, jatorri, hizkuntza, kultura eta bizipen askotariko pertsonak elkartuta. Eta, antolatzaileen ustez, jaioberriei ongietorria egiteko ospakizunak aukera paregabea eskaintzen du herriko errealitate hori ikusarazteko. Izan ere, ekitaldi berean askotariko familiak elkartuko dira, baina denek izango dute zerbait komunean: Arrasaten bizitzeko eta bertan etorkizuna eraikitzeko hautua egin izana. 

Ekitaldi esanguratsua

San Juan jaiak arrasatearren egutegiko hitzordu nagusietako bat dira, eta udal ordezkarien arabera, ekitaldi honekin belaunaldi guztien parte-hartzea islatu nahi da. Testuinguru horretan, antolatzaileek azpimarratu dute jaioberriek ere espazio propioa izan behar dutela herriko festetan, komunitatearen jarraikortasunaren eta transmisioaren ikur gisa. Ekitaldi berezi horretan, jaioberri bakoitzaren izena banan-banan irakurriko da, eta familia bakoitzak une hunkigarri eta intimo bat biziko du jai giroaren barruan. Halaber, jaietako sinbolo nagusietako bat den sanjuanetako zapi txikia jasoko du haur bakoitzak, lehen aldiz komunitatearen parte direla aitortuta. Antolatzaileen arabera, zapi horrek esanahi berezi eta sakona du San Juan jaietan: "Belaunaldi askok eraman izan du zapia urte luzez, eta keinu sinboliko honen bidez, arrasatear berriei herriaren eta sanjuanen parte direla adierazi nahi diegu", azaldu dute. Zapiak banatu ondoren, parte-hartzaile guztiak udaletxe aurrean elkartuko dira ekitaldiaren bigarren zatia ospatzeko. Bertan, talde-argazki bateratua aterako da, Arrasateko erraldoiekin batera. Irudi horrek hainbat geruza sinboliko uztartuko ditu: jaioberriak, gurasoak eta herriko kultur ondarearen ordezkari ezagunetako bat, guztiek espazio berean bat eginda. Modu horretan, iragana, oraina eta etorkizuna argazki berean bilduko dira. Eta, antolatzaileen esanetan, urte batzuk barru balio historikoa ere har dezake argazkiak, lehen aldiz egingo den ekitaldi baten lekukotza izango baita.  

Etorkizunera begira

Antolatzaileen asmoa da ongietorri ekitaldia urtero errepikatzea, San Juan jaietako egitarauan bere lekua modu iraunkorrean izan dezan. Denborarekin, tradizio bihurtu nahi dute; horrela, urtez urte belaunaldi berriek protagonismo berezia izango dute jaietan eta Arrasatek modu sinbolikoan gogoratuko du herriaren etorkizuna ez dela eraikitzen diren azpiegituretan edo garatzen diren proiektuetan soilik oinarritzen; etorkizuna, batez ere, bertan jaio, hazi, edo bizi diren pertsonengan dagoela.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak