Maddi Martin: "San Juan jaietako une eta ikur esanguratsuenak irudi berean bildu ditut"

Olaia Milikua 2026ko ekainaren 19a

Maddi Martin, 2026ko Arrasateko sanjuanetako kartela eskuan duela. M.M.

Piztu jaietako sua izeneko lanari esker irabazi du aurtengo San Juan jaietako kartel lehiaketa Maddi Martin Olaskoagak (Bergara, 2005). Ikus-entzunezko Komunikazioko ikaslea da bergararra, eta sormenaren zein diseinuaren alorrean duen gaitasuna islatu du aurkeztutako proposamenean. Kartelak Arrasateko San Juan jaien ezaugarri nagusiak biltzen ditu, jaietako hainbat elementu eta ekitaldi irudikatuz, herriko ospakizunen izaera eta giro berezia erakusteko helburuarekin.

Nola jaso zenuen lehiaketa irabazi izanaren berri?

Oso ilusio handiz jaso nuen albistea. Hasieran, kostatu egin zitzaidan sinestea, eta deitu zidanari hainbat aldiz galdetu nion, benetan hala zen ziurtatzeko. Ez nuen inolaz ere espero, eta ustekabe handia izan zen, baina baita poz handia ere.

Zer esan nahi du Arrasateko jaietako kartela egin izanak?

Oso berezia izan da niretzat. Bergararra naizen arren, Arrasaten familia daukat eta beti sentitu izan dut nire bigarren herria dela. Gainera, urtero etorri izan naiz San Juan jaietara; beraz, aurtengo irudia nik sortu izana oso hunkigarria eta pozgarria da.

Bergarako jaietako kartel lehiaketa ere zuk irabazi zenuen.

Bai. Gainera, kasualitatez, sanjuanetako kartel lehiaketa irabazi izanaren berri eman zidaten bezperan Bergarako jaietako kartela aurkeztu genuen. Bergarako lehiaketa izan zen irabazten nuen lehenengoa, eta are bereziago egin zuen nire herriko jaietako kartela sortzeko aukera izateak.

Beste lehiaketaren batean parte hartu duzu?

Bai. Esaterako, Arrasateko Inauterietako kartel lehiaketan eta Bergarako Pentekoste jaietakoan aurkeztu izan naiz aurretik ere. Oraingoan iritsi da saria, baina aurreko esperientziak ere oso baliagarriak izan dira ikasteko eta hobetzen joateko.

Zer ikusi daiteke kartelean?

San Juan jaietako une eta ikur esanguratsuenak irudi berean bildu ditut, Arrasateko sanjuanen giro bizia eta parte-hartzailea islatu nahian. Berezitasun berezi gisa, sua dragoi batek botatzen du, eta irudian Arrasateko ateak ere ageri dira, herriaren nortasunari keinu egiteko.

Hasieratik argi zenuen ideia ala prozesuan sortu zen?

Hasierako ideia antzekoa zen, baina kartelaren azken emaitza sormen prozesuan zehar joan nintzen definitzen. Saiakera eta proposamen ugari egin nituen, eta horien bidez iritsi nintzen aurkeztu nuen diseinura.

Nola erabaki zenituen irudiak eta koloreak?

Prozesuan zehar ingurukoen iritzia ere kontuan hartu nuen, proposamenen artean aukeratzen laguntzeko. Koloreei dagokienez, tonu biziak gustatzen zaizkit, baina gehiegizko saturaziorik gabeak. Horregatik, bost kolore aukeratu nituen eta horiekin aritu nintzen lanean diseinu osoan.

Zein teknika erabili duzu?

Kartela formatu digitalean sortu dut, Illustrator programa erabiliz. Tresna horrek aukera eman dit elementu guztiak zehaztasunez lantzeko eta nahi nuen estilo grafikoa lortzeko. 

Zein harrera jaso du kartelak?

Oso harrera ona izan du, egia esan. Azken egun hauetan Arrasaten ibili naiz eta kalean Arrasateko hainbat lagunek gelditu naute kartela asko gustatu zaiela esateko. Jasotako hitzek eta zorion-mezuek ilusio berezia egin didate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak