Goienako hedabideak sanjuanetako jai giroaren erakusleiho

Goiatz Arana Begiristain 2026ko ekainaren 22a

Herriko Plazan jarritako pantaila erraldoia aukera ezin hobea da lehen lerroetan ez dauden herritarrentzat. GOIENA

Zuzenean jarraitu ahalko dira San Juan bezperako ekitaldiak eta entzierroak.

Beste urte batez, Goiena Komunikazio Taldeko hedabideek esfortzu berezia egingo dute Arrasateko San Juan jaiei ahalik eta jarraipen zabalena egiteko; jendea, ekintzak eta giroa non, han izango dira Goienako kamerak ere.

San Juan bezperako zuzenekoak izango dira indargune nagusietako bat. Herriko Plazan makala jasotzen hasi aurreko minutuetan –17:50 bueltan– abiatuko da zuzeneko emankizuna. Goienako kamerek jarraipena egingo diete Uarkapetik txopo-poteoan doazen kuadrillei, plazara ailegatzen direnean makala nola igotzen duten erakusteko. Behin hori amaituta, Goiena telebistak 22:20an ekingo dio, berriz ere, kalean gertatzen dabilena zuzenean erakusteari; kalez kale errementari dantza egindako dantzariak Herriko Plazan sartzeko zain izango dira ordu horretan. Eta 22:30ean iritsiko da gaueko une gorena, sua piztu eta haren bueltako dantzak eginda. Nagusien danborradaren txanda izango da ostean. 

GOIENA.EUS atariaren bitartez, jarraipen are osoagoa egin ahalko zaie jaiei: 17:50ean hasi eta nagusien danborrada amaitu bitarte –gauerdia pasatxo– ez du etenik izango zuzeneko emankizunak Interneten, ezta Herriko Plazan ohiko bihurtu den pantaila erraldoian ere; txosnetakoa, berriz, 22:30erako piztuko dute. Era berean, Goienak dei egin die tabernei Goiena telebista jartzera animatu daitezen.

2022a ezkero EITBrekin batera egindako saiorik ez da izango aurten –telebista kate publikoa Eibartik ariko da–, baina Arrasateko sanjuanek jarraituko dute bertan ere lekua izaten, neurri txikiagoan bada ere; EITBren eta Goienaren arteko elkarlanari esker izango da hori posible.

Entzierroetan, egunero

San Juan bezperako zuzeneko emankizunei entzierroetakoak gehitu behar zaizkie. Hiru entzierro izango dira –hilaren 24an, 25ean eta 26an–, eta hirurak zuzenean emango ditu Goienak, telebistaren nahiz Interneteko atariaren bitartez. 08:50ean Kanpatorpean hasi eta zezen-plazan entzierroa amaitu bitartekoak zuzen-zuzenean jarraitu ahalko dira leiho bietan; hiru kamera izango dira zezenek eta herritarrek ematen duten ikuskizuna jasotzeko. Sanjuanetako zuzenekorik ikusienetakoak izaten dira Goienako hedabideetan.

Laburpen-saioak

Baina jarraipena ez da hor bukatzen. Zuzenekoez gain, bestelako ekitaldiak ere jasoko ditu Goienak: joan zen zapatuko Gazte Olinpiadetan batutakoak gaur, astelehena, emango ditu, 22:30ean; jaietan barrena jasotako askotariko beste hainbat hitzordurekin osatutako saioak 24an eta 26an ikusi ahalko dira, 20:00etan eta 22:00etan; eta hilaren 25eko Haurren eta Gaztetxoen Egunari egun horretako Hemen Debagoiena saioan egingo diote lekua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak