Nekez egin ohi dute euskaldunek ospakizunik otordurik gabe tartean, eta Arrasateko sanjuanak ez dira salbuespena izango.
Kantu afaria izango da mahai bueltako hitzorduen artetik lehena: gaur, 21:30ean, Herriko Plazan –eguraldi txarra bada, Uarkapen–. Plaza kopurua mugatua da –Udalak 535 lagunentzako ipiniko ditu mahaiak eta eserlekuak–, eta izen-ematea zabaltzeaz bat itxi zuten; bost minutu igarotzerako, erreserbatuta zeuden leku guztiak. Horrek agerian uzten du euskal kantuen gauak herritarren artean duen arrakasta; 2013an egin zuten lehenengoz –Jose Letona plazan–, eta, urtetik urtera, jende gazte gehiago batzen da, gainera. Sei Pistols eta Trabuko Bat taldea arduratuko da giroa berotzeaz, eta menurik ez da eskainiko; jatekoa norberak eraman beharko du. Lekurik hartuta ez izan arren gura duen oro batu ahalko da kantura, noski, plaza inguruko edozein txokotatik.
Martitzenean, San Juan bezperan, izango da hurrengo otordu antolatua: gazte bazkaria, txosna batzordearen eskutik. Ia 300 lagun elkartuko dira bertan, eta lehen aldia izango da aurten 18 urte betetzen dituztenentzat. Uarkape frontoian egiteko aukera egon badagoen arren, eguraldiak laguntzen badu, Seber Altube plazan egingo dute oraingoan. Menuan, aldiz, zaharrak berri: paella izango dute jateko. Egun horretan bertan irekiko dituzte txosnak, eta gogotsu batuko dira ekintzara, duda barik!
Dragoi-jana, arnasgune
Biharamunean, San Juan egunean, Biteri plaza –euria bada, Uarkape pilotalekua– izango da afaritarako elkargunea. Jaietako egitarauan hutsik egin ezin duen ekitaldi baten txanda izango da bertan, 21:00etan: dragoi-jana. 31. aldia izango du, eta, azken urteetan asteburuan edo San Juan egunaren bezperaren bezperan egin eta gero, San Juan egunean egiteko aspaldiko ohitura berreskuratuko dute aurten. AEDk eta AEK.k elkarrekin antolatzen duten otordurako txartelen salmenta martxa onean abiatu zen, eta, dena ondo bidean, 400 lagun elkartuko dira oraingoan ere. Haurrak, gazteak, helduak, familiak... askotarikoak batuko dira. Guztiak, hori bai, euskaltzaleak; duda barik, hitzorduak aukera emango du jaiak euskaraz ospatzeko. Txuleta edo hanburgesa begetala egongo da jateko, eta, afaria modu jostagarrian amaitzeko, Dragoi Tribialarekin gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
1.000 lagun eguenean
Hilaren 25ekoa izango da, ordea, bazkari eta afari guztien artetik jendetsuena: Zeuk iñ, zeuk jan kuadrillen arteko herri bazkaria. 1.000 lagunentzako tokia egongo da, eta, kasu horretan ere, izen-ematea zabaldu eta hamar minutura jada ez zen lekurik geratzen. 14:30ean ekingo diote bazkariari, Portaloian; Udalak upel bat sagardo jarriko du parte-hartzaileentzat; eta Joxe Mendizabal soinu-joleak girotuko du bazkalostea.
2012an egin zen lehenengoz, Portaloian, eta azokara lekualdatu zuten aurrerago. Izen-ematearekin hasi ziren orduan, eta, behin milara ailegatuta, kopuru horretan ipini zuten muga, hortik gora "kudeatu ezina" zela iritzita. Hastapenetan moduan, Portaloian egiten dute gaur egun ere.
Makina bat zartagini eta lapikori eragin beharko zaie datozen egunetan Arrasaten.