Asteartetik ostiralera bitartean pilatuko dira zuzeneko gehienak Herriko Plazan, txosnagunean eta Monterron parkean. Oholtza gainekoez gain, emanaldi ibiltariek ere jarriko dute giroa. Azpimarratzeko modukoak dira Izenbakuak txarangak hilaren 23an tantaia igo aurretik gazte-kuadrillekin egingo duen ibilaldi musikatua eta San Juan Egunean Garinband taldeak arratsaldean zehar egingo duen kalejira. Domeka honetan, hilak 21, 12:30ean, Ein Go taldeak dantzaldi erromeria ibiltaria egingo duela ahaztu barik.
Herriko txistulariek ere egun bizi-biziak izango dituzte aurretik, goizetako dianekin batera, ekainaren 23an euren aldetik arituko direlako kalez kale, 18:00etan, eta trikitilariekin batera, bestalde, 25ean, 12:00etan.
EKAINAK 19
SEI PISTOLS ETA TRABUKO BAT

Sanjuanetako asteburua hasteko, klasiko bat. Zer dira Arrasateko bazkari eta afari herrikoiak euskal kanta ezagunak jotzen dituen zazpikotea gabe? Euskal kantuen gaua belaunaldi guztien topagunea izango da, beste behin.
HERRIKO PLAZA / 21:30
EKAINAK 20
FITOSKINS

Gazte Olinpiaden osteko festa-giroak jarraipena izan dezan, Elorrioko laukoteak Umiltasuna azken diskoko kantuak taularatuko ditu, baita Venganza y perdón lehen diskokoak ere. Gitarra akustikoekin eta harmonikarekin hasi zuten ibilbidea, eta bateria eta baxu-jolea gehitu zaizkie ondoren.
MONTERRON PARKEA / 21:00
GOZATEGI

Badira hiru hamarkada trikiti eta pop doinuak uztartzen hasi zirela. Oriokoen kantu ezagunek dantzarako gogoa pizten jarraitzen dute han eta hemen; modaz pasatzen ez den taldea, zalantza barik.
MONTERRON PARKEA / 21:00
EKAINAK 23
ESNA GAZTE

Familiek eta gazteek disko-festa alaiaz gozatuko dute San Juan Egunaren bezperan.
SEBER ALTUBE PLAZA / 18:30
ZATEKEEN

Monteazpiko lehenengo musika hitzordua erromeria talde horren eskutik etorriko da, gauerdian.
TXOSNAGUNEA / 00:00
EKAINAK 24
ARRASATE MUSIKALEKO BANDA
11:00etatik aurrera kalejiran ibili ostean, herritarrek gogotsu jasotzen duten perkusio eta haize-instrumentuen doinuek ez dute hutsik egingo.
MONTERRON PARKEA / 13:00
NEBAR

DJ Kaktusen 18:00etako saioa eta gero azalduko dira Irene Larrañaga eta Maddi Arando bergararrak, euskarazko kantu akustikoei bide emateko.
TXOSNAGUNEA / 19:30
BIDELAPURRAK

Folk-rocketik egingo du aurrera arratsaldeak; Bergaratik eta Gasteiztik datozen taldekideek Inorenak ez diren lurretan diskoko errepertorioa joko dute.
TXOSNAGUNEA / 19:30
FILLAS DE CASSANDRA

Monterron parkeko aurtengo ikuskizun bereziko protagonistak Maria SOA eta Sara Faro vigotarrak izango dira. Galiziako musika garaikideaz liluratuko dituzte arrasatearrak.
MONTERRON PARKEA / 23:15
OXABI

Galdakoztar erromeriazaleek begiak itxita egiten dute dagoe neko San Juan Eguneko joan-etorria, hutsik egin gabe etortzen baitira egun horretan, plaza hankaz gora jartzeko gogoz.
HERRIKO PLAZA / 23:15
EKAINAK 25
JOXE MENDIZABAL

Soinuarekin girotuko du Zeuk iñ, zeuk jan bazkariaren ostekoa Betizu Taldeko eta Bagoaz tele - saileko kantuen konpositore eskarmentudunak.
PORTALOIA / 16:00
BELE

Lide Hernandok dagoeneko pare bat urte bete ditu bakarkako ibilbidea hasi zuenetik, disko musika, funka eta soula uztar - tzen. Bigarren lan luzearen berri emango du oraingoan: Muturrez aurrera.
TXOSNAGUNEA / 22:00
MARUXAK

Trabestismoa eta euskal tradizioko elementuak uztartzen ditu Iruñean sortutako kolektiboak, Euskal Herriko musika eta folklorea ikuspegi queer, komunitario eta aldarrikatzailetik berreraikitzeko.
TXOSNAGUNEA / 22:00
BRIGADE LOCO

2017an lehenengo kontzertua jo zutenetik ikusmin handia sortu dute bergararrek punk-rock estiloko abesti indartsuekin. Kanturik freskoenak –Bide baten esanahia diskokoak– eta zaharragoak ere interpretatuko dituzte, publiko beroaren gozamenerako.
TXOSNAGUNEA / 22:00
OIHAN VEGA

Bergarako musika-jartzaileak ondo daki erdigunea hankaz gora jartzea zer den. Haren kantu-aukeraketek ez dute epel uzten publiko gaztea eta ez horren gaztea.
HERRIKO PLAZA / 22:30
EKAINAK 26
LA PERRA BLANCO

Herriko jai nagusiei agur esateko Udalaren apustua rock-and-roll eta rockabilly doinuak lantzen dituen talde hori izango da aurten. Alba Blanco cadiztarrak gorpuzten du amorruz betetako noten atzeko arima.
HERRIKO PLAZA / 20:00
ETXEPE

Aurten, ostirala izanik sanjuanetako azken eguna, txosnaguneak egun bat gehiago iraungo du. Zuzenekoei agur esaten ari den etxeko talde horretaz gozatzeko aukera egongo da; Etxepeien laneko piezekin, oihuka jarriko dute berdegunea.
TXOSNAGUNEA / 22:00
LA TXAMA
Euskorrido-aren sustatzaileak, edo, bestela esanda, Mexikoko korrido tumbado generoa euskarara ekarri dituztenak. Cumbiari eta rantxerei tokia egin diete Donostia eta Iruñekoek.
TXOSNAGUNEA / 22:00
MERINA GRIS

Elektronika, musika eta hyperpopa nahastuz lortzen du hirukote donostiarrak bere musika bereziarekin askotariko emozioak sorraraztea. Zuloa diskoa aurkezten dabiltza plazaz plaza azkenaldian.
TXOSNAGUNEA / 22:00