11 urte zituela hasi zen Kepa Junkera (Bilbo, 1965) soinu txikia jotzen, eta hamaika txapelketatan ibili zen geroago. Makina bat disko argitaratu zuen, eta Euskal Herriko zein nazioarteko plaza eta jaialdi askotako agertokietan arrakastarekin jardun. Bat-batean eten behar izan zuen, baina, haren ibilbidea, 2018an, iktus batek jota. Harrezkero, agertokietatik kanpo dago, baina gertukoa du, oraindik ere, trikitiaren eta panderoaren doinua, eta "gustura" entzun zituen Arrasaten haren piezen moldaketak, maite duen harrobiaren eskutik.
Zein oroitzapen duzu trikitiarekiko lehen harremanaz?
Oroitzapen eta une asko, baina, batez ere, ikasteko gogoa. Kuriosoa izatea da gertu pasatzen den guztiari erreparatzea. Inguruan gertatzen den guztiari. Une horiek besteen uneak dira, adi egotea besterik ez da. Trikitiak harrapatu egin ninduen, musika oso bizigarria zelako, baikorra, oso erritmikoa.
Kultura askotariko musikari askorekin egin duzu lan; bizipen ugari eman dizkizute horiek, ezta?
Denak ematen dizu asko. Sarritan, ez dago bidaiatu beharrik, eta hori ere bai, noski, baina dei hori zure etxean sor daiteke.
Emozionalki, zein proiektuk edo kontzertuk markatu zaitu gehien?
Guztiek. Handiek eta txikiek. Beti izan dut errespetu handia, aurrean bost, 50, 5.000... pertsona izanda. Dena ematera eta sortzera beti. Ez nuen berdin jo sekula. Grabazioak bidaltzen dizkidatenean, kantu bera izan arren, ehunka bertsio dira. CD batean beti berdina da, baina zuzenean sekula ez, eta horretan saiatzen nintzen beti.
Arrasaten egon zara asteon, Trikitixa Eskolak gonbidatuta; zer dira halako gonbidapenak zuretzat?
Oso adeitsuak izan dira beti nirekin. Oso eskertuta nago. Izugarri pozik joan naiz Arrasatera. Arrasateko Trikitixa Eskola erreferente handi bat izan da. Asko lagundu didate beti, eta nirekin gogoratzea, bada, imajina ezazu...
Zure hamabi kanturekin osatutako errepertorioa jo zuten eguaztenean 250 ikaslek Amaia antzokian; harro egoteko modukoa da hori zuretzat?
Ikasleak hunkitu ahal izan baditut, nire ametsa guztiz bete dut. Izan ere, ez dut inoiz ezer eskatu edo erreklamatu. Dena, nahiz eta txikia izan, niretzat asko da.
Indartsu daude trikiti-eskolak, orokorrean; Debagoienean, behintzat, bai; zer garrantzi ematen diozu harrobiari?
Harrobia? Imajinatuko duzun moduan, funtsezkoa da niretzat. Lekukoa jende gazteari pasatzea oso polita da. Harrobia aldatuz doa, egokituz doa. Nire ustez, harrobirik onena norbanakoan dago.
Ikasle heldu asko daude Debagoieneko musika eskoletan; gauza berriak ikasteko sekula ez dela berandu uste duzu?
Pertsonaren adin fisikoa gauza bat da, nire ustez. Baina badira beste adin batzuk azaltzeko zailak direnak. Misteriotsuak dira, libreak...
Trikitia jotzen ikasi nahi duenari zer esango zenioke? Zein izango litzateke pizgarriak emateko modua?
Pizgarria norbanakoan dago. Ez nintzateke gai izango gaur nola sustatu behar den esateko.
Panderorik gabe trikitia ezin dela ulertu uste duzu?
Ez naiz gai esateko bata besterik gabe uler daitekeen. Pentsatzen dut bakoitzak berea sentituko duela. Izango dira pertsona batzuk trikitia gehi panderoa direla; beste batzuk, berriz, trikitia eta bateria, banda.... Ateratzen zaidana egingo nuke nik, eta ez norbaitek esaten didana, edo norbaitek esaten didalako.
Zuri buruzko dokumental bat ere badago: Berpiztu: Kepa Junkera (Fermin Aio, 2022).
Hala da, bai: Fermin Aiok egin zuen dokumentala, eta haren lantaldeak , noski, Miren Goikouriak eta beste hainbat lagunek.. Eurak barik, ezinezkoa litzateke. Neure buruari esan nion: "Ez dakite non sartu diren".
Erreferente bat zara jende askorentzat; zein izan da edo da zurea?
Erreferentea izatearena asko da niretzat. Nik, jakina, askorengan jarri nuen arreta. Ezinezkoa litzateke guztiak izendatzea, baina izan ditut, baditut eta edukiko ditut. Erregaia dira. Aste honetan bertan, esaterako, Arrasateko Trikitixa Eskolako neska-mutilekin egotea erreferente bat da niretzat.