Ohar bidez azaldu dutenez, aurten atseden hartuko dute baina ez da gogo faltagatik izango: "Tamalez aurten ez dira Gora Eskozia! oihuak entzungo sanjuanetako danborradan. 44 urtez jarraian –pandemiako urtea izan ezik– ekainaren 23ko gauak alaitzen eta danborradan burrundaraz astintzen duen konpainiak atseden hartuko du. Atseden hartuko dugu ez gogo faltagatik, etsita egoteagatik baizik. Gure ikuspegitik, ekainaren 23ko egitarauak gainezka egiten du, eta ekintza hauek aurrera eramateko zailtasunak egoten dira, antolakuntzan, herriko partaideen artean eta ikusleei dagokienez. Aspalditik ari gara eskatzen danborrada ekainaren 24ra pasatzea".
Eskoziarren oharrean aipatzen denez hainbat konpainiek begi onez ikusten dute aldaketa proposamena: "Hainbat konpainiek begi onez ikusten dute aldaketa proposamen hau; partaideen arteko barne galdeketa egin ondoren galdeketa horren emaitzak bileretara ekarri dituzte. Zoritxarrez, beste konpainia batzuetan partaide askok ez dute jaso azken proposamenaren berririk".
Urteren baten danborrada dataz aldatzearekin zer gertatuko zen probatzea eskatu dute: "Proposamen hau hainbat kanpo eta barne eragileek begi onez ikusten dute, euren iritziz herritar gehiagok danborradan ikuskizunaz gozatzea eta partaidetza hobetuko litzatekeelako. Eta garrantzitsuena, danborradaren jarraipena bermatu eta belaunaldi berriendako erakargarriagoa izateko. Tamalez, beste ikuspuntu batzuk ezin izan ditugu gure proposamenera bideratu; agian, urteren baten froga egin genezake, ez? Nekatuta eta etsita sentitzen garenez, ez gara Zaldibarren izango.