Valentziako txapelketa irabazi ostean, Smartlog Ointxek 3x3 modalitateko beste txapelketa bat irabazi du asteburu honetan; kasu honetan, Bilbon. Irene Murua, Izar Bedia, Lara Gonzalez eta Uxue Etxartek osatutako taldeak, zapatuan jokatu zuen multzokako fasea: Las Rozas taldearen aurka galdu ostean, (12-14) Bilbao Miners White garaituta lortu zuten final-laurdenetara igarotzea (16-9). Bertan, Valentzia Basket izan zuten aurkari, eta, hor ere, garaipena eskuratu zuten partida serio eta sendo bat jokatu ostean (14-10). Hala, domekako final-erdietara igaro zen Arrasateko taldea.
Igandean, Bilbao Miners Black izan zuten arerio. Norgehiagoka fisiko eta serioa jokatu zuen Smartlog Ointxek, eta 16-12ko markagailuarekin, berriro ere final bat jokatzeko aukera izan zuten neskek. Final handian, Valladolid izan zuten aurrez aurre. Hor ere maila bikaina erakutsita, 15-12 nagusitu zen Smartlog Ointxe.
Gizonezkoetan, aurkia eta ifrentzua
Emakumezkoak ez dira asteburuko txapeldun bakarrak izan. Danel Perez, Lander Martinez, Iker Regodesebes eta Jairo Godoyk osatutako junior taldeak ere garaipena eskuratu baitzuen. Hala, Bilbon izandako hiru taldeetako bik, txapela eskuratzea lortu zuen Ointxek.

Txapelketan parte hartu zuen beste taldea gizonezkoen senior taldea izan zen. Andoni Atxa, Ekaitz Madinabeitia, Mikel Olaizola eta Iñaki Eraunzetamurgilek osatutako taldeak ezin izan zuen multzokako fasea gainditu, baina oso txapelketa serioa egin zuen, lehiakortasun eta maila handia erakutsiz, oro har. Lehen norgehiagokan gutxigatik galdu zuten Pando Mataro taldearen aurka (9-11). Bigarren partidua, Bilbao Miners Black izan zuten aurkari, eta garaipen ederra eskuratu zuten Arrasatearrek (21-12). Milan U23 taldearen aurkako partida erabakigarrian, ordea, ezin izan zuten garaipena eskuratu (9-21), eta, esan bezala, multzokako fasean amaitu zen senior gizonezkoen txapelketa.
