Ohikoa den moduan, egun osoko egitaraua dute prestatuta. 10:00etan egingo diete gonbidatuei ongietorria, eta, Zaldibar frontoitik abiatuta, kalejiran joango dira elkarrekin Herriko Plazaraino. Hamaiketakoa egin ostean, erdiguneko kaleetan zehar kalejira formatuan dantzan egingo dute, 13:30era bitartean. Aspaldiko ohiturari eutsiz, herriko dantzarien etxeetan bazkalduko dute gonbidatuek eta elkarrekin bazkalduko dute talde guztietako arduradunek. Herriko Plazan elkartuko dira guztiak bazkalostean, eta 17:00etan ekingo diote hainbat formatutan egingo dituzten askotariko dantzak bilduko dituen alardeari.