Izen-emate guztiak izenemateak.arrasate.eus atariaren bidez egin beharko dira, edo bestela BAZen. Aurten, gainera, berrikuntza bat izango da: Errementari dantza udaletxeko balkoitik ikusteko zozketan parte hartzeko aukera egongo da udal webgunearen bidez eta Udal APParen bidez.
Balkoietako zozketak, ekainaren 5etik 9ra
Haurren danborrada, nagusien danborrada eta Errementari udaletxeko balkoitik ikusi nahi dituzten herritarrek ekainaren 5etik 9ra bitartean eman beharko dute izena. Zozketa ekainaren 10ean egingo dute.
Kantu afaria eta 'Zeuk iñ zeuk jan'
Ekainaren 19ko kantu afarirako izen-ematea ere gaur irekiko da eta ekainaren 9ra arte egongo da zabalik. Udalak gogorarazi du plazak mugatuak direla, 535 lagunentzat. Bestalde, ekainaren 25eko ohiko 'Zeuk iñ zeuk jan' bazkarian parte hartu nahi dutenek ere ekainaren 5etik 9ra eman beharko dute izena. Kasu honetan, 1.000 lagunentzako tokia egongo da. Udalak azaldu duenez, behin epeak amaituta kantu afarirako edo 'Zeuk iñ zeuk jan' bazkarirako plaza librerik geratuko balitz, berriz ere irekiko lukete izen-ematea.
80 urtetik gorakoei omenaldia
Ekainaren 24an egingo den 80 urtetik gorakoen omenaldian parte hartu nahi dutenek gaurtik ekainaren 15era arte izango dute izena emateko aukera.