Arrasateko EAJk salatu du Udal Gobernuak "ezintasuna" duela laguntzak erakartzeko orduan

Koldo Zubia Salas 2026ko ekainaren 4a

EAjren legealdian berriztu zuten Union Cerrajera eraikina, egungo Kulturola sortuz. (Irudia: Arrasateko EAJ).

Arrasateko EAJk salatu du, Udal gobernuak "proiektu estrategikoak gauzatzea ahalbidetuko duten dirulaguntzak lortzeko gaitasun eza" duela. Gaineratu dutenez, EAJren agintaldian, "Arrasatek ekimen estrategikoak bultzatu ahal izan zituen, zorpetzerik gabe", Kulturola, Santa Teresa eta Erguin igogailuak, Ekobulebarra eta JAME jarri dituzte horren adibide. 

Jeltzaleen ustez, Arrasaten "argi eta garbi bereizten diren bi eredu ekonomiko daude".  Alde batetik, egungo Udal gobernua dago, "oso kanpo laguntza gutxi lortu" dituena. Beste aldetik, 2015-2023 legealdietako EAJren gobernua, euren esanetan, dirulaguntzetan "11.500.000 euro baino gehiago" lortu zituena. Gaineratu dutenez, "zorpetzerik gabeko eta herritarrentzako karga fiskal minimoko proiektu estrategikoak" izan ziren horiek. Honako proiektuak nabarmendu dituzte: 

  • Ekobulebarra: 1.000.000 euro, bidegorriak eta Santa Teresako igogailuak eraikitzeko –NEXT funtsak–.
  • JAMEren eraikuntza: 1.900.000 euro –NEXT funtsak–.
  • Kulturolaren eraikuntza: 1.100.000 euro –900.000 euro Foru Aldunditik, eta 200.000 euro Eusko Jaurlaritzatik–.
  • Santa Teresako berrurbanizazioa: 7.370.000 euro  –Eusko Jaurlaritza–.
  • Makatzenako igogailuak: 300.000 euro  –Eusko Jaurlaritza–.

Kudeatzeko "gaitasun eza"

EAJko bozeramaile den, Ander Garayren ustez, "Diru-laguntza horiek lortu ahal izan ziren proiektu zehatzak zeudelako eta Udal Gobernuak kudeatzeko benetako gaitasuna zuelako". Hala, egungo gobernuari falta zaiona horixe bera dela dio Garayk: "Egungo gobernuak frogatu du ez duela kudeaketa-gaitasunik, ez baitu proiektu estrategikoetarako diru-laguntzarik jaso. Horrek, ondorio zuzenak izango ditu udalaren ekonomian eta herritarren poltsikoan".

Gaineratu duenez, esku hartze horiek "zergak igo eta zorpetu gabe" egin ziren, eta, horrekin lotuta, beste behin kritikatu dute apirilean udalbatzak onartutako 36 euroko mailegu eskaria. "2015-2023 legegintzaldian frogatuta geratu zen beste eredu ekonomiko bat posible dela. EAJ-PNV eredua. Udalari diru-laguntzen kudeaketa aktiboari berriro ekiteko eskatzen diogu, proiektu estrategikoak gelditu ez daitezen eta herritarrei kalte ekonomikoak eragotz ez dakizkien", amaitu du bozeramaileak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak