Eskola Profesionaleko lehen uzta bereziaren azken zita, bide emankor baten seinale

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko maiatzaren 29a

Eskola Profesionaleko lehen promozioko ikasleen topaketa; 1982an egin zuten lehena, eta atzo, oraingoz, azkena.

Zaldispeko eskolako 1959tik 1964ra arteko promozioko ikasleek eta irakasleek atzo ospatu zuten 1982a ezkero lau urtean behin egiten duten topaketaren azken edizioa. 30 bat ikasle eta bi irakasle batu ziren, aspaldiko garaiak gogoratzeko

Gure maisuek irakatsi ziguten ulertzen mundua / On Jose Mariaren ereduaz kutsatu / Ikasleen partetik gure esker ona ohore eta txaluak. Bertso horrekin amaitzen da Anton Elorza koordinatzaile izan zuen Gure maisuak gogoratuz (2011) liburuaren hitzaurrea. Eta ondo baino hobeto definitzen du Arrasateko lehen Eskola Profesionaleko lehen promozioko ikasle haiek (1959-1964) irakasleei zieten miresmena. 

Lehena, 1982an; azkena, atzo

Miresmen horretatik eta ikasleen arteko "harreman estua" oinarri hartuta, ikasketak amaitu eta 18 urtera, 1982an, egin zuten lehen topaketa. Ordutik, futboleko Munduko Koparen maiztasuna aintzat hartuta, lau urtean behin elkartu izan dira, gorabeherak gorabehera; 1982tik 2002ra sei topaketa egin zituzten, Xandro Arregi antolatzaile nagusi zela. 2006an eta 2010ean ez ziren elkartu eta 2011n Anton Elorzak hartu zion lekukoa Arregiri, ikasketak amaitu zituztela 50 urte betetzen zirela baliatuta. Ordutik, Elorza izan da antolakuntzaren gidari; 2014an eta 2018an ere elkartu ziren; 2022an pandemiagatik ez ziren batu eta azkena 2023ko maiatzaren 18an egin zuten... atzora arte. Atzo, 30 bat ikasle eta bi irakasle elkartu ziren, "giro bero bezain ederrean".

Ikasleak eta irakasleak, Herriko Plazan, 1982ko lehen topaketan; ikasketak amaitu eta 18 urtera elkartu ziren lehenengoz.

Arizmendiarrieta ezagutu zuten

Baina hasiera guztiek amaiera bat izan ohi duten moduan, azkenengoz elkartu ziren atzo, lehen urte haiek gogoratzearekin batera, Ondare jatetxean bazkaltzeko. Helburua argi azaldu du Arregik: "Gurea da promozio bakarra ikasketak bukatu ostean elkartzen jarraitu duguna; gure irakasleei esker ona adierazteko elkartu izan gara hasieratik, bertan ikasi izanagatik harro gaudela esateko". 

Kooperatibismoaren lehen haziak erein zituen On Jose Maria Arizmendiarrieta ezagutu zuten, ikasle zirela. Arregik ez ditu ahazteko, esaterako, Arizmendiarrietaren erlijio-eskolak: "Abadeek erlijioa izaten zuten hizpide, baina Arizmendiarrietak ez; arlo sozialaz egiten zuen berba. Guk orduan ez genuen ulertzen nolako proiekzioa zuten haren berbek. 14:00 inguruan izan ohi genuen eskola harekin, eta aitortuko dizut ordu horretan ikasle gehienok erdi-lo egoten ginela; txikito pare bat hartu eta bazkaldu ostean, gure atentzioa ere ez zen egokiena izango [Barre]. Ez, orain serio berba eginda: 20 edo 30 urtera ulertu genituen haren kontzeptuetako asko". 

Lehen promozio hartan, Ramon Urrizalkiren arabera, eskaintza akademikoa oso mugatua zen: "Mekanika arloan, doitzaile, fresatzaile edo tornulari ikasteko aukera zegoen; eta, elektrizitate arloan, berriz, instalatzaile, bobinatzaile edo irrati-teknikari. Ez zegoen gehiago. Gero sortu zuten, adibidez, emakumeentzako industria-delineatzaile izateko aukera". 

Industria Ofizialtza ikasketen 1962ko promozioa, Zaldispeko Eskola Profesionalean; 1964an Iturripera lekualdatu zuten eskola.

Industria Maisuen 1964ko promozioa.

Balio kooperatiboak, "zalantzan"

Eskola bera, eskaintza "izugarri" zabaldu eta fakultateak ireki ostean, gaur egungo enpresen beharretara oso ondo egokitu dela diote: "Alde horretatik, hamarrekoa izan da bilakaera; balio kooperatiboen eboluzioaz ezin dugu berbera esan...". Izan ere, errentagarritasunak, modernizazioak eta nazioartekotzeak agintzen duten garaiotan espiritu kooperatiboa galbidean dagoela uste dute: "Enpresarekiko errotzea ez da berbera, eta etorkizunean ezinbesteko erronka izango da elkartasuna, laguntasuna eta halako balioak berreskuratzea". 

Emakumeen lehen promozioaz

Atzoko ospakizunean egon zen emakumeetako bat da, bestalde, Lourdes Mayor (Arrasate, 1945). 1959an, 14 urte zituela, sartu zen Zaldispeko Eskola Profesionalean: "Ama enteratu zen Jose Maria Arizmendiarrieta emakumeak formatu nahian zebilela, eta apuntatu egin ninduen. Neska asko sartu ginen. Hasierako asmoa zen emakumea prestatzea ezkontzen zenera arte. Kozinatzeko, josten ikasteko... baina, azkenean, delineatzaile izateko ere ikasi genuen. Hala ere, hamar izan ginen ikasketak amaitu genituenak". Arizmendiarrieta ezagutu zuen: "Edozein arazo konpontzen laguntzen zigun. Oroitzapen onak ditut, oso jatorra zen". 

Delineazio Industrialeko lehen emakume ikasleak, 1960-1961eko ikasturtean.

Ezkondu ostean, lanik ezin egin

Hori bai, Mayorrek argi du gizartea "izugarri" aldatu dela: "Mojek ez zuten batere garbi gu ikasten hastearena, baina ekin genion. Begira nolakoa zen egoera: gizonezko irakasle gutxi zeudenez horrenbeste ikaslerentzat, une baten irakasleek moja arduradunari planteatu zioten talde mistoak sortzeko. Eta mojen arduradunak argi utzi zien ezetz: 'Ezta pentsatu ere!'. Hala, ikasturte guztiak egin genituen gu baino askoz gehiago ziren gizonezkoak, alde batetik, eta gu, beste batetik". Ikasketak bai, baina ikasketen araberako lanik ez zuen izan: "Marrazketa ikasketak nituenez, pentsatu nuen bulegoren baten-edo egingo nuela lan. Baina halakorik ez, fundizioko laborategian egin nuen lan pare bat urtez; konposizioen gaineko analitikak egiten nituen. Gero, bertako arduradunak idazkari bat behar zuela-eta galdetu zidan ea idazmakina erabiltzen banekien, eta nik baietz. Horrela hasi nintzen idazkari, gela ziztrin batean. Sekulako hotza pasatu nuen han... Beste garai batzuk ziren; kooperatiban zazpi urte egin nituen guztira". 

Izan ere, senarra ezagutu, ezkondu eta berehala akabatu zen haren lan ibilbidea: "Ezkontzen zen emakumeak ez zuen lanean jarraitzen. Ezkondu arte zazpi urtez egin nuen lan kooperatiban. Handik aurrera, etxekoandre izan naiz bizitza osoan; gure belaunaldikook emakumearen rola eta gizonezkoarena oso berezita ezagutu ditugu". 

Horren harira, Mayorrek aitortu du "sorpresa atsegina" izan zela 1982ko lehenengo ospakizunerako gonbita jaso izana: "Ordutik hona, ez dut kalerik egin. Egun polita da mahaiaren bueltan aspaldiko garaiak gogoratzeko".

Anton Elorzaren "hutsune nabarmena" antolakuntzan

Osasun arazoak medio, 2011 ezkero topaketok antolatu dituen Anton Elorza ezin izan zen egon atzo. Xandro Arregi, Ramon Urrizalki, Jose Mari Berridi eta Roman Aranburuzabala aritu dira antolatzaile lanetan, eta oso presente dute Elorza: "Guk berba asko egiten dugu, baina Antonek dokumentatu du dena. Ea errekuperatzen den...". 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak