Deialdia zabalik Musakolako igerilekuetako txiringitoa kudeatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko maiatzaren 26a

Txiringitoa, kanpotik, asteon. Argazkia: Arrasateko Udala.

Arrasateko Udalak martxan jarri du Musakolako kiroldegiko kanpoko igerilekuetan txiringito zerbitzua emateko esleipen prozesua. Igerilekuak ekainaren 12an ireki eta irailaren 13an itxiko dira. Eskaerak ekainaren 17ra arte aurkeztu ahalko dira, hemen klikatuta; lizitazio prezioa da 150 eurokoa denboraldiko, BEZik gabe. 

Deialdi honen helburua da udako denboraldian herritarrei ostalaritza zerbitzu "hurbil eta kalitatezkoa" eskaintzea, "giro paregabean" kokatutako instalazioetan.

Ekintzaileei eta ostalaritzako profesionalei zuzendutako deialdi honek "baldintza ekonomiko eskuragarriak" eskaintzen ditu, Udalaren arabera; lizitazio prezioa denboraldiko 150 euroan (BEZik gabe) ezarri dute gutxieneko kanon gisa.

Uda osoa, eta gutxienez 11:30etik 20:30era 

Kontratua 2026ko udako denboraldirako izango da, zehazki ekainaren 12tik irailaren 13ra arte. Gainera, akordioa 2027 eta 2028ko denboraldietara luzatzeko aukera ere aurreikusten da. Zerbitzua egunero eskainiko da, gutxienez 11:30etik 20:30era arteko ordutegian.

Txiringitoa, lanean hasteko prest 

Txiringitoa elektrizitate, saneamendu eta ur-hartuneak dituen etxola batean kokatzen da. Esleipendunaren lana errazteko, Udalak funtzionamendurako beharrezkoa den oinarrizko inbentarioa jarriko du bere esku, besteak beste:
● Frijigailu industriala eta labea.
● Hozkailua, izozkailua eta mikrouhin-labea.
● Ontzi-garbigailua eta harraska.
● Bezeroentzako mahaiak, aulkiak eta edalontzi berrerabilgarriak.

Uraren, energia elektrikoaren eta gasaren gastuak Udalaren kontura izango dira.

Eskaini beharreko zerbitzua 

Esleipendunak taberna-kafetegi zerbitzu osoa eskaini beharko du: edariak, kafeak, opilak, pintxoak, sandwichak eta ogitartekoak barne. Eskainitako produktuen tarifak Musakola auzoko ostalaritza-establezimenduen batez besteko prezioen barruan egon beharko dira.

Hizkuntza eta ingurumenarekin konpromisoa 

Hizkuntza eta ingurumena ere aintzat hartu dituzte: "Arrasateko Udalaren lan hizkuntza euskara denez, zerbitzuan bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da, staff-ak gutxienez ahozko B2 maila duela ziurtatuz. Era berean, txiringitoak ingurumen-irizpideak jarraitu beharko ditu, hala nola hondakinak jatorrian bereiztea". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak