Ur parkeak ekaineko lehen astean irekitzea aurreikusten du Arrasateko Udalak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko maiatzaren 19a

Santa Barbarako ur parkea, artxiboko irudi batean.

Asteon hasiko dituzte ur parkeen muntaketa lanak, eta Udaletik jakinarazi dutenez, ekaineko lehen astean irekitzea da asmoa; betiere, eguraldiak laguntzen badu. Horregatik, muntaketa lanez gain, garbiketa eta ur kalitatearen analisiak egingo dituzte datozen bi asteetan zehar, osasun eta kalitate kontrol guztiak bermatu daitezen. Bestalde, Musakolako kanpoko igerilekuen denboraldia ekainaren 12tik irailaren 13ra izango da. 

Udalak, gainera, ur parkeon "kontsumo handian" jarri du arreta: "Ur parkeek sistema zentralizatua badute ere –ura berrerabiltzeko sistema–, ur kontsumoa etengabekoa". Hala, azken hiru urteetako datuak eman ditu ezagutzera Udalak: 2025ean 1896 metro kubiko kontsumitu ziren, 2024an 1863 metro kubiko ur, eta 2023an 2.919 metro kubiko. Ur kontsumo hori, Udalaren arabera,m Musakolako kanpoko gerileku ertaina 11 aldiz betetzeko ur kantitatea da, edo kanpoko igerileku olinpikoa osorik betetzeko ur kantitatea. 

Ur parkeen zaintza, "guztion ardura"

Azkenik, Udalak ur parkeak zaindu eta arduraz jokatzeko dei egin du: "Ur parkeetako ur kalitate kontrola egingo bada ere, ur parkeak garbi mantentzea guztion ardura da". Zentzu horretan, azaldu dute Udaletik, zikinkeria pilatzeak bakterio berriak agertzea ekar dezakeela, eta horrek, ur parkeak denbora batez ixtea ekar dezakeela azaldu dute: "Iaz astebetez itxi behar izan zen ur parkea bakterioak agertu zirelako. Erabilera egokia egiten badugu, itxiera horiek ekiditeko aukera gehiago izango ditugu". 

Prestaketa lanak Musakolako kiroldegiko kanpoko igerilekuetan. Argazkia: Arrasateko Udala. 

Bestalde, Musakolako kiroldegiko kanpoko igerilekuen prestaketa lanak ere hasiak dituzte. Udako denboraldiarekin batera irekiko dira, ekainaren 12tik irailaren 13ra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak