Orbik Cybersecurityk 2030erako hedapen fase berri bat iragarri du batzar orokorrean

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 19a

Ezkerretik eskinera, Orbik Cybersecurityko Salva Trujillo, zuzendari nagusia; Unai Viscarret, presidentea; eta Odei Olalde, Errektore Kontseiluko idazkaria. (Irudia: Orbik Cybersecurity).

2025ean 2 milioi euroko diru-sarrerak eta 50 profesionalen kopurua gainditu ditu Orbik Cybersecurityk. Horrek, "hazkunde nabarmena" suposatu duela eta, 2030. urtera arteko "asmo handiko negozio plan bat" gauzatuko dutela iragarri dute batzar orokorrean.

Ikerlanen eta Mondragonen baitan 2023an  sortutako startup teknologikoak, hiru urte bete berritan, Ohiko Batzar Orokorra egin du "finkapen eta hazkunde iraunkorreko testuinguru batean". Batzarrean, iragan urteko emaitzak aurkeztu ditu konpainiak: 2 milioi euro baino gehiagoko diru sarrerak izan dituzte, eta 50 profesionalen kopurua gainditzea lortu dute. Orbik Cybersecurity-ren arabera, horrek "hazkunde nabarmena ekarri du jarduerari eta gaitasunei dagokienez". 

Iazko emaitzak aurkeztearekin batera, konpainiak berrikuntzaren aldeko apustu "sendoa" egiten jarraituko duela iragarri du: "Jarduera eta finkotasun maila igo dugu, eta gure ereduaren sendotasuna eta aktibo teknologikoak industriarentzako irtenbide erreal bihurtzeko gaitasuna erakutsi dugu. Produktuaren zibersegurtasunean proposamen diferentzial bat eraikitzen ari gara, sektorearentzat funtsezkoa den une batean", adierazi du Orbik Cybersecurityko CEOa den Salva Trujillok. 

Hedapen fase berri bat

Bestalde, "hazkunde" horren atzean dagoen eredu kooperatiboa ere nabarmendu gura izan dute; 7 lan bazkide berrirekin, lantalde espezializatua zabaltzen jarraitu dutelako. Orbik Virtual Lab, "produktuen zibersegurtasunerako laborategi birtuala" den produktu berriaren merkaturatzea ere azpimarratu dute: "Honi esker, enpresek beren produktuen zibersegurtasuna baliozkotu, testatu eta ziurtatu dezakete, guztia in-house kontrolatutako ingurune digital batean.

Bide horretan, Orbik Cybersecurityk 2 milioi euroko finantziazioa egin du, 2030era begira, "asmo handiko negozio plan bat" bultzatzeko helburuarekin. Mondragon, Ikerlan eta Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketaren (Eusko Jaurlaritza) babesa du hedapen fase berriak. "Gure bazkide estrategikoen etengabeko babesak Orbik Cybersecurityren proiektua bermatzen du, eta eredu kooperatibo bereizgarri batean oinarrituta zibersegurtasun industrialean Europako erreferente bat eraikitzeko gure anbizioa indartzen du. Hazkunde sendo eta jasangarri baten oinarriak finkatzen ari gara, industrian eta gizartean eragina izango duena", esan du Unai Viscarretek, konpainiako presidenteak.

2026rako aurreikuspenak

2026ra begira, hazkundeari "eusteko" estrategia garatzeko asmoa du startup teknologikoak. Diru-sarrerak %50 inguru gainditu, eta hurbileko merkatuetatik "haratago joateko" helburua dute, industria-sektore berrietan duen posizionamendua "indartzeko". Lan taldeari dagokionez, 65 profesional espezializatuk osatutakoa izatea gurako lukete, eta merkatu nazionaleko zein nazioarteko merkatu estrategikoetako 100 bezero berri erakartzea. "Gure fokua bezeroen eskaerei erantzutea da orain: taldearen gaitasunak eskalatuz, gure produktu eta zerbitzuen diferentziala bikaintasun teknologikoarekin mantenduz", amaitu du Trujillok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak