Hainbat pertsona gerturatu ziren atzo, egubakoitza, Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkarteak eta Arrasateko Udalak Kulturateko klaustroan antolatu duten Artistaren begirada izeneko erakusketaren inaugurazio ekitaldira. Bertan, Julio Galartaren ehun koadro daude ikusgai, gehienbat, herriko paisaiak erakusten dituztenak. Ekainaren 20ra arte egongo da ikusgai erakusketa.
Pozik agertu zen emaitzarekin Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkarteko kide Alvaro Arregi: "Elkartearen parte garen guztiok oso pozik irten gara inauguraziotik. Bertaratu diren beste herritar batzuekin hitz egin ostean, denak pozik irten direla esango nuke, aurkezpenarengatik zein, erakusketarengatik. Oso pozik gaude izan duen harrerarekin".
Artista emankorra
Arrasateko Udaleko Kultura batzordeburu Kepa Urteaga eta Alvaro Arregik hartu zuten hitza erakusketaren inaugurazioan. Biek balioan jarri nahi izan zuten Galarta zein honen lan emankorra. "Julio oso pertsona maitatua zen herri honetan. Jende askok izan du etxean Julioren lanen bat, eta egun ere, etxe askotan bere lanak mantentzen dira", adierazi zuen Urteagak bere hitzartzean. Bat etorri zen Arregi, eta 1.800 lan katalogatu dituztela azaldu arren, askoz gehiago egin zituela nabarmendu zuen: "1.800 bat lan ditugu katalogatuta, eta entzuna dudanagatik, Juliok 3.000 bat lan egin zituela uste da, eta nik sinesten dut. Jende askok ditu etxean oraindik katalogatu gabe dauden lanak".
Arregik azaldu zuenez, Galarta margolaria zen arren, bestelako diziplinak ere jorratu zituela aipatu zuen: "Julio ez zen pintorea izan soilik, idazlea ere bazen, eta bere idatzizko lanak irakurtzea oso interesgarria da. Testu batzuk erakusketan daude irakurgai". Bide beretik, musikarekiko zuen zaletasuna ere aipatu zuen: "Bere pasioak pintura eta musika izan ziren, txistularia ere bazen eta".
600 lan dohaintzan
2011n hil zen Galarta, 94 urterekin, eta Arregik, bere hitzartzean, elkartea urte hartan bertan sortzeko egon zen gaitasuna balioan jarri nahi izan zuen: "Orduan sortu zen Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkartea, aurrez, hainbat pertsonak berarekin zein bere familiarekin hitz egin zutelako. Gaur, hemen daude garai hartan elkartea martxan jarri zuten hainbat pertsona". Eskerrak eman nahi izan zizkien lehen elkartekide haiei, eta bide batez, modu batean edo bestean bidelagun izan dituzten guztiei.
Elkarteak urte guzti hauetan izandako jardunaren errepaso bat egin zuen Arregik, katalogazio prozesu zein erakusketa, eta azkenean, jabetzan zituzten 600 lanetik gora Arrasateko Udalari dohaintzan eman dizkiotela aipatu zuen. Urteagak ere nabarmendu nahi izan zuen orain, dohaintzan emandako lan guzti horiek, Kulturate dutela aterpe, eta pozik agertu zen horri esker erakusketa bertan eduki ahal izanagatik: "Gaur egun, Arrasateko Udalari emanda, 600 lan inguru daude gordeta etxe honetan. Arrasateko Udalaren izenean esan behar dut ohore bat dela erakusketa hau hemen izatea".