Elkarretaratze jendetsua egin dute Arrasaten sexu-erasoa salatzeko

Eki Letona Erretolatza 2026ko maiatzaren 13a

Gaur arratsaldeko elkarretaratzea Arrasateko Herriko Plazan.

Arrasateko Herriko Plazan elkarretaratzea egin dute gaur, eguaztena, 19:30ean, otsailean Mondragon Unibertsitateko komunitateko kide batek jasandako sexu-erasoa salatzeko. Karranpak MUko ikasle feminista taldeak eta Arrasateko Mugimendu Feministak deituta egin dute mobilizazioa, eta herritar ugari batu dira.

Elkarretaratzean oharra irakurri dute, eta bertan azpimarratu dute: "Unibertsitateak denontzat espazio segurua izan behar du". Era berean, erasoa salatu eta erasotuari babesa helarazi diote: "Erasotuari gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu. Izan ere, eraso guztiak eraso kolektibo bezala ulertzen ditugu".

Karranpakeko kideek adierazi dute ez dutela "inolako erasorik onartuko, ez unibertsitatean ez beste inon", eta unibertsitateari "neurri eta ardurak hartzea" dagokiola nabarmendu dute. Halaber, indarkeria matxistaren aurrean nazkatuta daudela azaldu dute, "indarkeria matxistak emakumeak emakume* izate hutsagatik erasotzen ditu".

Oharraren beste pasarte batean gizonei ardura hartzeko deia egin diete: "Ezinezkoa izango da honekin amaitzea gizonek zuen anaitasun eta konplizitate sareekin apurtu arte. Zuek zarete egitura sostengatzen duen pieza. Beraz, hartu dagokizuen ardura".

Amaitzeko, "aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen eta kaleak hartzen" jarraituko dutela adierazi dute, eta aldarri hauekin amaitu dute irakurketa: "Autodefentsaz unibertsitate feminista eraikitzera goaz", "Erasorik ez erantzunik gabe" eta "Gora borroka feminista!".

22 urteko gizonezkoa atxilotuta

Ertzaintzak 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astelehenean, sexu-eraso delitu bat egotzita. 22 urteko emakume batek salatu zuen otsailean Arrasateko ikasle-egoitza batean bortxatua izan zela, eta salaketaren ondorioz abiatu zuten ikerketa. Atxilotua epailearen esku utzi zuten, eta Bergarako 2. Instantzia Epaitegiak behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen martitzenean. Bestalde, Mondragon Unibertsitateak "gaitzespen eta arbuio irmoena" adierazi du gertatutakoaren aurrean, eta erasotuari zein haren ingurukoei "erabateko babesa" helarazi die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak