Errepresioaren aurkako "kontzientzia pizteko", egun osoko egitaraua maiatzaren 9an Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko maiatzaren 6a

Eguna iragartzeko martxoaren 26an egindako agerraldia, Portaloian.

Errepresioaren Aurkako Eguna antolatu dute maiatzaren 9rako, egun osorako egitarauareki. Deitzaileek errepresioaren aurkako kontzientzia piztu gura dute: "Gizartearen egoera okertzen ari da, eta horren adibide bat da errepresioaren gorakada. Aisialdiaz harago, injustizien aurkako herri borrokalari bat eraiki nahi dugu". Biteri plazan egingo duten bazkarirako txartelak Osorik tabernan egongo dira salgai maiatzaren 8ra arte: "50 bat lagun elkartzea aurreikusten dugu". 

Hain zuzen ere, egitarautik aurreikusten duten aldaketa bakarra da bazkaria Biteritik gaztetxera lekualdatzea: "Euria egiten badu ezin izango dugu Biterin egin, eta Gaztetxera lekualdatu beharko dugu. Eguraldiak berdin jarraitzen badu hurrengo egunetan komunikatuko dugu bazkariaren toki aldaketa". 

Egun osoko egitaraua

Maiatzaren 9rako egun osoko egitaraua antolatu dute, "salaketa, hausnarketa eta elkargunea" batuko dituena. Goizean, mahai-ingurua eta ostean poteo girotua egongo da. Eguerdian, bazkari herrikoia egingo dute eta arratsaldean mobilizazioa eta kontzertuak izango dituzte.
Hona hemen egitaraua: 
11:30. Kulturate. Mahai-ingurua. Hizlariak: Indar Gorri, Yakovlev 42 eta Azpeitia Errepresioaren Aurka. Mahai-inguruaren ostean, poteo girotua. 
14:00. Bazkaria Biteri plazan. 
17:30. Kontzertuak tabernetan. 
 • Iturriotz: Hankaz Gora.
 • Osorik: Izorrai. 
 • Iluntz: Ktartsia. 
19:00. Manifestazioa, Biteri plazatik abiatuta.
20:30. Kontzertuak tabernetan. 
 • Taupa: Jotabe. 
 • Basati: Txakurrak. 
23:00. Kontzertuak gaztetxean: Istilu, Lehen lerroa eta 112. 

Lagun asko elkartzeko aurreikuspena

Egunean zehar "lagun asko" elkartzea espero dute: "Hasteko, goizeko mahai-ingurua oso interesgarri dator, izan ere, errepresioa forma ezberdinetan jasandako talde ezberdinen ekarpena izateko zortea izango dugu, eta uste dut herriak gustura hartuko duela. Ostean, bazkarian 50 bat lagun aurreikusten dugu batzea". Esandako moduan, bazkariko txartelak Osorik tabernan egongo dira salgai, maiatzaren 8ra arte.

"Injustizien aurkako herri borrokalaria"

Arratsaldean manifestazioa egingo dute: "Guretzat bereziki garrantzitsua dena, Arrasaten Errepresioaren Aurkako kontzientzia eta indarra dagoela demostratzea garrantzitsua delako. Horrelako egunak antolatzea garrantzitsua da, izan ere, aisialdi soiletik harago aldarrikapenez bete behar ditugu gure herriak. Gaur egun gizartearen egoera zailtzen ari da, eta horren adibide garbi bat da errepresioaren gorakada. Langileon bizi baldintzak okerrerantz doaz, eta horrekin batera eskubide politikoak ere. Ondorioz, Arrasaten honen inguruko kontzientzia zabaltzea ezinbestekoa da. Helburu horrekin sortu dugu Errepresioaren Aurkako Eguna, errepresioaren inguruan herria kontzientziatzeko eta errepresioa jasaten ari diren kide ezberdinei gure laguntza eskaintzeko. Aisialdi hutsetik haratago, garrantzitsua ikusten dugu antolatzen diren ekimenen politizazio bat ematea, horrela, injustizien aurkako herri borrokalari bat eraikitzeko, eta gu bide horretan jarraituko dugu borrokan". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak