San Andres auzoan ere jai-giro betean dabiltza asteburuan

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 2a

Eguenean hasi zituzten ofizialki Arrasateko San Andres auzoko jaiak, eta ordutik, jai-giroan murgilduta dabil bertako jendea. Adin guztietako jendearentzat prestatutako egitarauaren baitan, jolasak, lehiaketak, erakustaldiak eta kontzertuak izan dira egunotan; guztiak batzeko egin ohi duten auzo bazkariarekin batera. 

Maiatzeko zubiak baldintzatutako jaiak izan ohi dira Arrasateko San Andres auzokoak, eta antolatzaileek hori nabaritzen badute ere, jai jendetsuak izaten dira. Horrelako egunak antolatzea,  Arrasateko erdigunetik kanpo dagoen auzoa "berpizteko" modu bat dela dio Maitane Tricio antolakuntzako kideak: "Bost edo sei urte daramatzat jaien antolakuntzan eta auzotarren erantzuna ikusita, ezin diogu jaiak antolatzeari utzi". 

Ekintza ugari aukeran

Eguenean hasi zituzten jaiak San Andresen, pregoia bota osteako, haurrendako jolasekin eta txokolatadarekin. Hala ere, aurretik ere Kurtzetxikiko mendi irteera edo Haur-Hezkuntzakoen kalejira egin zituzten. Atzokoan, besteak beste, Txikitxu-Arrostaitzen dantza emanaldia, Soraboxen boxeo erakustaldia eta Tortipapa txapelketa izan ziren. Gaurkoan, berriz, herri kirolek, trikiti eskolakoen kalejirak eta auzo bazkariak hartu dute protagonismoa. Gainera, olagarroa dastatzeko aukera dago egunero, eta kontzertuek ere ez dute hutsik egin asteburuan.

Gau partean iritsiko da musika emankizunen unerik handiena, The Figueras Fest-ekin. Envidia Kotxina, Penadas Por La Ley, Desastre, Legez Kanpo,  The Fool Killers eta Degeneracion Rock taldeak ariko dira Gudarien plazako oholtzan. Bihar amaituko dira jaiak eta egitarau osoa hemen klikatuz ikusi daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak