Jai batzordean hamaika lagun aritu dira aurten, baina badute inguruan laguntza zehatzetarako "ezinbesteko sarea". Batzordeko kideetako bat da Maitane Tricio: "Prestaketak ondo doaz, gogotsu gaude. Urtero berdina gertatzen zaigu; aldez aurretik buruhauste asko izaten ditugu eta festa egunak igaro daitezela nahi izaten dugu, dena ondo irten dadila. Ea eguraldiak laguntzen duen".
Bazkaria, Hiruki plazara
Aurtengo nobedade nagusia da maiatzaren 2ko herri bazkaria Hiruki plazara lekualdatu dutela: "Kontzertuetarako soinu-probak izaten ditugu, eta espero dugu Hiruki plazan lasaiago bazkaldu ahal izatea. Ea ez duen euririk egiten, Hiruki plazan ez dugu-eta aterperik". Bazkarirako txartelak salgai daude oraindik, eta Triciok ez daki oraindik zenbat lagun elkartuko diren mahaiaren bueltan: "Asko dira azken ordura arte itxaroten dutenak... Ez dakigu zenbat izango garen, baina 200 bat lagun elkartu ohi gara. Errekorra pandemia ostean izan genuen, 310 bat lagunekin".
Zubiaren kontra "borrokan"
San Andresko jaiek ia beti egiten dute bat zubiarekin, eta auzotar askok alde egiten dute: "Aldagai horrekin borrokan ari gara beti. Animatu, ondo pasatuko dugu eta", dio Triciok. Gaineratu du jaietan ez dutela erasorik onartuko: "Jaiak askeak, seguruak eta parekideak izateko ari gara lanean. Ez baduzu errespetuz jokatu behar, etxean geratu". Egitarau betea osatu dute aurten ere, eta, "auzotarren eskariari jarraiki", maiatzaren 1ean, 2an eta 3an olagarroa dastatzeko aukera egongo da, Gudarien plazan, 11:30ean hasi eta agortu arte.
