Jon Diaz Egurbide: "Euskal Berpizkundearen oinarri nagusia izan zen Jokin Zaitegi, Pizkunde garaikoa izan arren"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko maiatzaren 1a

Jon Diaz Egurbide, asteon, Zaitegiren inguruan 2013an kaleratu zuen liburua eskuetan.

Jokin Zaitegi (Arrasate, 1906 - Donostia, 1979) jaio zela 120 urte beteko dira uztailaren 26an, eta, urteurren bereziaren bueltan AEDk antolatu dituen ekitaldien artean, maiatzaren 7an Jokin Zaitegiren eragina gaur egunean izenburu duen hitzaldia egingo du EHUko irakasle eta ikerlari Jon Diaz Egurbidek (Legorreta, 1973), Kulturaten, 18:00etan. 

Diazek Jokin Zaitegiren ekarpenak euskal curriculumean. Eginak eta asmoak liburua argitaratu zuen 2013an; hala, luze eta zabal egin du berba GOIENArekin, Zaitegiren eta haren garrantziaren gainean. 

Zure ikerketan oinarrituta, zer zor diogu, bereziki, Jokin Zaitegiri?

Nire ustez, garai zail hartan saiatu izana da zor dioguna. Unibertsitatean irakasle, Guatemalan apaiz, euskal idazle gehienak biltzen zituen Euzko gogoa aldizkariko zuzendari –haren diruarekin finantzatua, gainera–... Ez zuen bizitza erosoa izan. Jakin dudanez, gainera, ekonomikoki ez zuen beharrik Guatemalatik itzultzeko ,baina zazpi urtera itzuli zen, diru barik.

Eta zergatik uste duzu itzuli zela?

Hori azaltzeko lehen aipamenak [Telesforo] Monzonenak dira; Monzonen gutundegian irakur daiteke Zaitegiri galdetzen diola ea egokia den Euzko gogoa aldizkaria Guatemalan argitaratzea; Monzonek zioen askoz egokiagoa zela aldizkaria Donibane Lohizunen izatea. Nire susmoa da Zaitegiri eskatu zitzaiola Euskal Herrira etortzea. Bestela, ezin da ulertu 1956ko Parisko Euskal Kongresuan ezizen batekin euskal kulturaren aldeko mugimendu oso bat sortzeko eman zuen diskurtsoa.

Hain zuzen ere, kongresu hartan honela mintzatu zen benetako euskal unibertsitate baten beharraz: Nere ustean, naiz eta aitortu euskera il zorian dagoela alde batetik, ta bestekaldetik euskera iñoiz baiño mardulago daukagula aitortuarren, auxe esaten dizuet. Euskal Ikastetxe Nagusia, gizon ikasiak euskeraren alde ez izan bitartean euskera beti izango degu il zorian. Eta Parisko Kongresutik eratorritako gutunetan ikus daitezke lehen ekimen txikiak: ipuinak, Euzko gogoa aldizkariaz gain beste bat sortzeko ahalegina, Venezuelako diruak erabiltzea inprenta bat erosteko, eta abar, eta abar.

"Ea Jokin Zaitegiren gaineko ezagutza beste toki batera daramadan, itzultzailearena ez dut-eta erosten"

Nola planteatuko duzu hitzaldia?

Ea ez zaidan saio oso akademikoa irteten. Atriletik jaitsi eta entzulearekin berba egiten saiatuko naiz. Zaitegirengana gerturatzen saiatuko naiz, Zaitegiri balioa ematen, eta ez haren inguruan egin dudan lanari. Ikerketan zehar lortu nituen erantzunak mahai-gaineratuko ditut, nahiz eta tesian ageri ez. Espero dut Zaitegiren gaineko ezagutza beste toki batera eramatea, itzultzailearena ez dut-eta erosten. Deseraikitzetik ere izango du saioak; ea erakargarri egiten dudan...

Zergatik ez duzu, bada, "Jokin Zaitegi itzultzailearena erosten"?

Itzultzaile hutsa baino askoz gehiago izan zelako. Ekintzailea, Euzko gogoa aldizkariaren sortzailea, Kultura batzordea sortzen, euskal unibertsitaterako lehen urratsak egiten, euskara batzearen aldeko mugimenduan... Mugimendu haietan guztietan egon zen, gerora berpizkunde bezala ezaguna izango zena. Kuriosoa da: Berpizkundearen oinarri nagusia Zaitegi izan zen, Pizkundekoa izanda; alegia, aurreko belaunaldikoa izanda. 

Eta, egungo egoera oinarri, ze etorkizun ikusten diozu euskarari?

Euskara babestua egongo da Zaitegik defendatzen zuen Ikastetxe Nagusia sortzen dugunean, eta ez gaur egungo ustezko Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Gure etorkizuna airean dago; gaur egun planteatzen diren ildo garrantzitsuenak euskara eta hezkuntza arloan 50eko hamarkadan finkatzen hasi ziren. Eta lan horretan adibide eta erreferente garbiena Jokin Zaitegi da. Badugu, beraz, zer ikasi Jokin Zaitegirengandik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak