Arrasateko plaza batek badu haren izena eta baita 2002a ezkero AEDk, Elkarrek, Arrasateko Udalak eta Laboral Kutxak antolatzen edo babesten duten itzulpen beka batek ere, baina arrasatearrek ezagutzen dute euren herrikide Jokin Zaitegi (Arrasate, 1906-Donostia, 1979) eta haren ekarpena? Gainera, Jokin Zaitegi bekarik ez da egongo 2026an, 2025eko Literaturako Nobel sariduna izan zen Laszlo Krasznahorkai hungariarrak ez duelako baimenik eman bere lana euskarara itzultzeko.
Bekarik ez da egongo, baina AEDk bi hitzordu antolatu ditu trukean: apirilaren 23an, 2025eko beka irabazi zuen Gema Lopez Las Herasek Hank Kang idazle korearraren Barazkijalea liburua aurkeztuko du; eta maiatzaren 7an, EHUko ikerlari Jon Diaz Egurbidek Jokin Zaitegiren eragina gaur egunean izenburu duen hitzaldia egingo du. Bi ekitaldiak Kulturateko areto nagusian izango dira, 18:00etan.

1906an jaiotako "ezezaguna"
Aurten Zaitegi jaio zela 120 urte betetzen direla baliatu du GOIENAk Zaitegi bera gogoratzeko; izan ere, euskal idazle, itzultzaile, irakasle eta apaiza ondoen ezagutu zuen pertsonetako bat Josemari Velez de Mendizabal (Aramaio, 1949) da, eta uste du "ezezaguna" dela Zaitegiren ekarpena: "Ez dakigu zeintzuk izan ziren Seber Altube, Pedro Ignacio Barrutia eta Jokin Zaitegi, eta ez dakigu zeintzuk izan ziren euskal idazle klasikoak, oro har. Halako pertsonaiak ezinbesteko ikasgaiak izan beharko lirateke hezkuntza-zentroetan, klabeak izan direlako gure kulturarentzat. Baina mundua beste toki batetik doa gaur egun...".
Biografoarekin harreman estua
1972an Ekonomia ikasketak amaitu eta 1973an gaueskolak ematen hasi zen Velez de Mendizabal Arrasaten, San Viatorren –egungo Arizmendi Ikastolako Gaztelupe gunea–. Zaitegi Erdiko kalean bizi zela, "halako gau batean" ikusi zuen: "Apur bat ausart jokatu, eta hurbildu egin nintzaion; ordutik eta 1979an hil zen arte adiskidetasun oso berezia izan genuen, bete-betea".

Ezagutu eta gutxira, ia eguneroko harremana izan zuten: "Lagun handiak zituen Arrasaten, baina nahiko bakartia zen. Horregatik, etxera joaten nintzaion, ia egunero. Harreman hartatik sortu zitzaidan liburua egiteko ideia, oso bizitza aberatsa izan zuen eta: hiru bider joan zen Ameriketara –Venezuela, Mexiko, El Salvador, Guatemala..…–, Europa ere ezagutu zuen... Jesuita izateaz harago, oso bizitza emankorra eta interesgarria izan zuen". Velez de Mendizabal euskaldun berria zen Zaitegi ezagutu zuenean, baina hori ez zen oztopo izan liburua idazteko: "Pixkanaka hasi ginen, eta, aurrera gindoazela, inflexio-puntu batera heldu ginen: 1977an inauguratu zen Seber Altube plaza, eta Udalak gonbidatu egin gintuen ekitaldira; Zaitegirekin joan nintzen –ordurako, Oñatiko zaharren egoitzan zegoen–, eta ekitaldi hartan agerian geratu ze ezezaguna zen Seber Altube Arrasaten. Orduan, Zaitegik esan zidan tarte batez bere liburua utzi eta Seber Altuberena idazteko, 1979an betetzen ziren-eta 100 urte Altube jaio zela; hurrengo egunean hasi nintzen liburu berriarekin".
Josemari Velez de Mendizabal, Iokin Zaitegi (1981) liburuaren egilea: "1973an, gau eskola bat eman ostean, Erdiko kalean ikusi eta hurbildu egin nintzaion; ordutik eta hil arte adiskidetasun oso berezia izan genuen, bete-betea".
"Ameslari eskuzabala" izan zen
Altuberen liburua 1979an aurkeztu zuen Velez de Mendizabalek, baina ordurako hilda zegoen Zaitegi: "Altuberen liburuaren zirriborroa erakutsi nion, sikiera. Asko poztu zen". Iokin Zaitegi liburua 1981eko abenduaren 1ean aurkeztu zuen Velez de Mendizabalek, udaletxean. Honela gogoratu zuen ekitaldia, liburua argitaratu eta 40 urtera, haren blogetako batean: "Jokinekin berarekin ekindako egitasmoa, azkenik, gorpuztu egin zen; luxuzko mahaikideak izan nituen. Egun arraroa izan zen, arratsaldeko lehen ordutik Arrasate osoa argindarrik gabe geratu baitzen, eta ekitaldia bertan behera uzteko arriskuan egon ginen azken unera arte. Udaleko teknikariek argi-sorgailu bat martxan jarri, eta hari esker egin genuen aurkezpena".
Bekaren ordez AEDk liburu aurkezpen eta hitzaldi bat antolatu ditu: apirilaren 23an eta maiatzaren 7an
Zaitegiren ekarpen handiena 1950ean Guatemalan sortu zuen Euzko gogoa aldizkaria izan zela dio biografoak: "Itzulpenetatik harago, Euzko gogoa aldizkaria izan zen haren ekarpen handiena; sekulako plataforma sortu zuen, garaiko idazle beteranoenei zein gazteenei idazteko aukera emanda. Sartu zitzaion ia diru guztia inbertitu zuen euskalgintzan, oro har, eta, bereziki, Euzko gogoa-n". Horren harira, "ameslari eskuzabala" izan zela dio: "Ameriketatik 1956an etorri zeneko bankuko agiriak ikusita dauzkat, eta bost urtean inbertitu zuen guztia euskarara bideratu zuen. Gaur egun ere dirutza bat izango zen, ikaragarria".

Mundua euskaratzen aitzindari
Beka AEDk eta Elkarrek sortu zuten, 2002an. Elkarreko editore Xabi Mendigurenen arabera, "alde askotatik" da nabarmena Zaitegiren ekarria: "Poeta ona izan zen, itzultzaile jantzia, mezenas eskuzabala, euskararen eta kulturaren bultzatzaile nekagaitza. Gainera, hura izan zen lehenetarikoa sinesten euskarak munduko gai eta jakintza guztiak emateko balio zuela; eta sinetsi bakarrik ez, praktikara eramaten saiatu zen, buruz eta bihotzez".

2025eko Nobel saridunak liburua euskaratzeko baimenik eman ez izana "pena" da, Mendigurenen ustez: "Egilearen barrua ezagutu gabe, pentsatu nahi dut haren hizkuntzaren maitasunak eraman duela erabaki oker bat hartzera; izan ere, aldez aurretik ziurtatu nahi zuen itzultzaileak hungarieratik zuzenean itzuliko zuela euskarara. Dena dela, mundua idazle onez beterik dago, eta beste batzuk etorriko dira".
Gema Lopez Las Heras: "Funtsezkoa izan zen; azpiegitura kultural oso bat sortu zuen, nolabait"

Itzultzaile denetik egin dio kasu Gema Lopez Las Herasek (Azkoitia, 1989) Jokin Zaitegi bekari. 2021ean aurkeztu zen lehen aldiz eta 2022an irabazi egin zuen; Annie Ernauxen Emakume izoztua itzuli zuen. 2023an epaimahaikide izan zen eta 2024an berriro ere aurkeztu zen, Hang Kang korearraren Barazkijalea irakurria zuelako eta "izugarri" gustatu zitzaiolako; irabazi egin zuen. Azken urteotan harreman estua izan du Lopezek Jokin Zaitegi bekarekin.
Ze iritzi duzu Jokin Zaitegi sariketaren inguruan?
Oso garrantzitsuak dira, babesa ematen baitiote kulturaren arloko lanik ikusezinenetako bati; hots, itzulpen literarioari. Euskara bezalako hizkuntza minorizatuen kasuan, gainera, modua ematen dute mundu osoko literaturako obrarik esanguratsuenak gurera ekartzeko, eta, hala, zabaldu eta aberastu egiten dute euskarazko irakurleen eskura dagoen errepertorioa. Gainera, lagungarriak dira hizkuntzaren normalizaziorako, nazioartean sarituak izan diren autoreak euskarara ekartzeak esan nahi baitu euskara ere guztiz gai dela literatura unibertsala, garaikidea eta konplexua bere egiteko, beste hizkuntza hegemonikoago batzuen mende egon beharrean. Bestalde, profesionalki ere garrantzi handia dute, aukera paregabea ematen baitiete itzultzaileei, eta ekonomikoki ere laguntza duina ematen diote prekarizatua egon ohi den lan bati.
Jokin Zaitegiren ze ekarpen azpimarratuko zenuke?
Zaitegi funtsezko figura izan zen euskarazko itzulpengintzaren eta, oro har, euskal kulturaren arloan: lan handia egin zuen euskal kulturari atzerrian eusteko eta bultzada emateko, eta euskara gai bihurtu zuen maila handiko obra klasiko eta filosofikoak itzultzeko. Haren lana ez zen izan euskaraz idaztea eta itzultzea bakarrik; azpiegitura kultural oso bat eraiki zuen, nolabait. Ekarpen handia egin zion euskarari, eta argi utzi zuen euskara egunerokorako hizkuntza ez ezik badela kulturaren eta pentsamenduaren hizkuntza ere.
Nolako esperientzia izan zen Barazkijalea eleberria itzultzea?
Oztoporik handiena izan da jatorrizko hizkuntza ez jakitea eta zubi-hizkuntzekin lan egin behar izatea; gaztelaniako, frantseseko eta ingeleseko itzulpenak elkarrekin konparatu ditut oso-osorik, ahalik eta itzulpen zehatz eta leialena egitearren. Gainera, Sora Ryu hegokorear euskaldunaren laguntza izan dut; oso esperientzia polita izan da itzulpen-lana bera eta Sorarekin izandako elkarlana.