Arrasateko udalerrian dauden enara eta sorbeltzen habiak identifikatzea dute helburu, kartografiatzea eta dokumentatzea, herritarren laguntzarekin. Bildutako informazioa baliagarria izango da tokiko kontserbazio-neurriak garatzeko, baita habiak dituzten eraikinen birgaitze-lanetan aplikagarriak diren gomendioak prestatzeko ere.
Ekimen honek, gainera, herritarren eta ingurune naturalaren arteko lotura estutzea bilatzen du, ingurumenarekiko sentsibilizazioa handituz eta intsektu-jale diren hegazti hauen babesa sustatuz.
Parte hartzeko aukera eta hurrengo hitzorduak
Egitasmoaren sustatzaileek azpimarratu dute ingurunea ezagutzea ezinbestekoa dela hura babestu ahal izateko. Horregatik, herritar guztiei dei egin diete proiektuan parte hartzera eta tokiko biodibertsitatearen zaintzan aktiboki inplikatzera.
Datorren maiatzaren 9an saio praktikoa egingo dute, baina aldez aurretik izena eman beharko da Arrasateko Udalaren webgunean. Irailean, berriz, egindako lanaren emaitzen aurkezpena egingo da.