San Juanen iritsierarekin batera, zaila da ez pentsatzea Arrasateko Gazte Olinpiadetan. Duela bi urte egin ziren lehenengoz, eta bi edizio nahikoak izan dira arrasatearrek herriko jaietarako motorrak berotzeko, eta urtero herritarrengan ikusmin handia sortzen duen egun guztiko egitarau bat osatzeko.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta, antolatzaileak dagoeneko buru belarri daude ekainaren 20an egingo den edizioko prestaketa lanekin. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta apirilaren 24a izango da azken eguna. Orain arte, gutxienez 10 pertsonako taldeek eman zezaketen izena, baina, edizio honetan, gutxienez 8 pertsonako taldeek hartu ahalko dute parte "taldeak osatzeko prozesua errazteko asmoz".
Horretarako, ezinbestekoa da Arrasateko Gazte Olinpiaden Instagram kontuko profilean dagoen galdetegia betzea eta talde bakoitzak 80 euro ordaintzea. Antolatzaileek argi utzi nahi izan dute egitasmoak ez duela adin mugarik: "18 urteko kintatik aurrera, mundu guztiak du lekua olinpiadetan; berdin du 30, 40 edo 50 urte izan. Urtero entzuten diegu hain gazteak ez direnei hurrengo urtean apuntatuko direla esaten, baina, izena emateko unea heltzen denean, faltan botatzen ditugu 30 urtetik gorako taldeak".
Otsailaren 26an bilera ireki bat antolatu zuten Arrasateko Gazte Olinpiadetan parte hartu duten "herritarren balorazioa jasotzeko eta iritziak gertuagotik jasotzeko". Hori horrela, zenbait berritasunen berri eman dute, eta aurtengo egitaraurako "jolas berriak diseinatu eta sari desberdinak eskaini" nahi dituztela adierazi dute antolatzaileek.
Txosnak, itxita
Aurreko edizioetan txosnak zabalik izan dira, baina aurten antolatzaileek aurreikusi dute itxita egongo direla. Txosnak egongo ez badira ere, azaldu dute horren aurrean zerbait berezia prestatzen ari direla finalaren ostean festak aurrera jarraitzeko: "Laster aurreratuko dugu zerbait horren inguruan, baina gure helburua da herritarrei egun osoko proposamen bat eskaintzea; goizetik gauera arte".
Hala ere, "iazko arrakasta ikusita", aurtengo Arrasateko Gazte Olinpiaden egitarauan ez dira faltako gosaria eta Arrasate Rugby Taldearen laguntzarekin egindako bazkaria. "Gure asmoa da urtez urte herritarrak txunditzen jarraitzea. Gaizki egindakoa hobetzea eta herriari gustatu zaion horrekin jarraitzea".