Ekimenez betetako Korrika Eguna antolatu dute Arrasaten, motorrak berotzen hasteko

Ibai Irasuegi Garai 2026ko martxoaren 26a

2024ko Arrasateko Korrika Txikia. Argazkia: Goiena.

24. Korrika Arrasatetik igarotzeko ordu batzuen faltan, Korrika Eguna antolatu dute, herria girotzeko, motorrak berotzen hasteko eta arrasatearrak ekimenaren bueltan saretzeko.

Adin guztiei zuzendutako ekintzek osatzen dute egitaraua, eta Korrika Txikia, erraldoien eta gaiteroen kalejira, dantza taldeen eta trikitilarien emanaldia, kantu afaria eta DJ emanaldiak egingo dituzte egunean zehar. "Gazte zein heldu, denok izango dute posible ekimenarekin bat egitea; helburua da jendea ohartzea zerbait datorrela, eta zerbait hori Korrika dela", adierazi du Maite Mendizabalek, Arrasateko Korrika batzordeko arduradunak.

Korrika Txikia, erraldoiak, dantza emanaldiak, kantu afaria eta DJak izango dira

Korrika Txikia

Egitarauari hasiera emango dio Eroski ondoko zelaitik abiatuko den Korrika Txikiak, goizeko hamarretan. Bertan parte hartuko dute Arizmendi Ikastolako, Arrasate Herri Eskolako eta Institutuko ikasleek, eta, nobedade bezala, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleez gain, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako gazteek ere hartuko dute parte. Ibilbideari dagokionez, Eroski pareko berdegunetik Garai Guneko biribilgunera joango dira ikasleak, eta ondoren Herriko Plazara; han amaituko dute ibilbidea.

Guztira 42 ikaslek eramango dute lekukoa ibilbidean zehar, eta amaitu ondoren bukaera-mezua irakurriko dute Nora Arabiourrutia eta Bingen Heriz ikasleek. DBHko ikasleek ez dute ibilbide osoa egingo: Maalako biribilgunean amaituko dute ibilbidea, eta Biteri plazan egingo dute bukaera ekitaldia.

Musika, dantza eta giro ona

Arratsaldeari dagokionez, jai giroa kalera eramango dute erraldoi eta gaiteroek. Maiatzaren Bata eta Euskal Herria plazetatik irtengo dira erraldoiak, eta, arratsaldeko sei eta erdietan hasita, kalejira egingo dute, Herriko Plazaraino.

Jarraian, herriko dantza taldeek, trikitilariek eta txalapartariek jarritako doinuez lagunduta, dantza emanaldia egingo dute erdiguneko kaleetan. Arratsaldeko zazpietatik zortzietara izango da, eta, gero, Uarkape pilotalekuko ateak zabalduko dituzte, kantu afaria egiteko.

Itxaronaldia arintzeko

Gau aldera, Korrika Arrasatera iritsi arteko itxaronaldia arintzeko, bostehun arrasatear inguru batuko dira Uarkapeko kantu afariaren bueltan. Gaueko bederatzietan hasita, nork bere lekua hartu beharko du, eta nork bere janaria eraman. Pilotalekuan bertan, 22:00etan, Sei Pistols eta Trabuko Bat taldeak kontzertua emango du, eta gaztetxeko barra zabalik egongo da, edariak ateratzeko. Horrez gain, kantu afari eta Korrika artean gaztetxean DJ emanaldia egongo da.

Sarrera guztiak agortuta, Uarkape jendez beteko da kantu afariaren bueltan

Ilusio handiz

Mendizabalen arabera, Korrika norberaren herrira iritsi aurreko uneak emozioz betetakoak dira eta ilusio handiz bizitzen dira Arrasaten eta baita Debagoienean ere. Horretarako, biharko egitarau "txukuna" egiten saiatu direla adierazi du, hain zuzen, "gazte eta heldu, edozein herritarrek ekimenarekin bat egin dezan". Hori horrela, "esker ona" nabarmendu du Arrasateko Korrika batzordeko arduradunak, eta euskararen alde batzeko nahia dagoela adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak