Hala ere, atzerapenak izango dira epeetan –Amenabarren aurreikuspenen arabera, 2026ko udan hasiko dituzte lehen esku-hartzeak, eta 2028. urte amaieran bukatu–, etorkizuneko eremu komertzialera bideratuko zen 846 metro koadroko espazioa aitortuko duen dokumentazioa berriro aurkeztu behar duelako; etxeetara bideratutako eremua 8.208 metro koadrokoa izatea dago aurreikusita. Udaleko teknikariak datozen egunotan elkartuko dira Amenabar enpresako ordezkariekin, hurrengo urratsen berri emateko.
Atzerapena, "sei hilabetekoa"
70eko hamarkadan industria-erabilerarako eremu batean eraiki ziren Legarreko pabiloiak. Urteek aurrera egin ahala, eta Udalaren plan orokorren bidez, bere garaian industria-erabilerakoak ziren eremuak gune urbanizagarri birsailkatu ziren, herriaren hedapenari erantzuteko. Orain, etxe berriak eraiki aurretik, ordenazioz kanpo dauden pabiloi guztiak bota egin beharko dituzte.
Aktibitate ekonomikorik gabeko pabiloi horietako tailerretako baten jabea da Jose Ignacio Uriarte, eta, dioenez, atzerapena "sei hilabetekoa" izango da, gutxienez. "Eraiste lanak garestiak dira, eta, horrez gain, lursailari kutsadura kentzeko lanak ere egin beharko dira. Izan ere, bere garaian, Udalak lurren kutsaduraren gaineko azterketa bat eskatu zuen eta laginek ondorioztatu zuten lurra kutsatuta zegoela. Horrek harritu egiten nau, azken urte luzeetako jarduerak ez zirelako batere kutsakorrak: arotzak, okindegi bat, etxetresnen denda bat, dantzaleku bat... Nik dakidanez, kutsadura kentzeko 400.000 bat euro beharko dira. Bi lan horiek dira premiazkoenak".
80 etxeak egiteko eremua 8.208 metro koadrokoa da; komertzioetarako, 846 metro koadro
Azken negoziazioen zain
Amenabarren "kalkulu-akatsarekin" oso harrituta dago Uriarte: "Etekinak kalkulatzerakoan, 80 etxebizitzez gain, ahaztu egin zaie 800 metro koadrotik gora lokal komertzialetarako direla. Asko harritzen nau 40 urtez etxebizitzak eraikitzen diharduen enpresa batek halako akats bat egitea, ia prozesu osoa berriro abiatzea dakar eta".
Amenabar da eremuaren jabe nagusia eta legez aukera dauka egun itxita eta saltzeke dauden lokalak desjabetzeko, baina Uriartek espero du azken aukera bat izatea lokalaren salmenta "termino duinetan" negoziatzeko: "Bide guztiak agortu nahi ditugu epaitegietara joan aurretik; badira 23 urte dira gai honekin bueltaka ari garela, eta dagoeneko ez dugu sinisten hitzez adosten den borondate onean. Horregatik, abokatuekin harremanetan gaude aspalditik".