2007ko maiatzean eman zion Udalak lehen onarpena Legarreko pabiloiak bota eta 80 etxebizitza eraikitzeko proiektuari. Aurrerago, 2008ko ekainean, udalbatzak onartutako Legarreko Plan Bereziak zehazten zuenez, eraikin bakarrean egin behar dira etxebizitzok, gehienez jota sei solairu izango dituen 24 metroko altuerarekin. Amenabarren arabera, sustapena "ingurune pribilegiatuan" dago: "Konektibitatea, natura eta hurbileko zerbitzu bikainak konbinatuz, erosotasuna eta bizi-kalitatea gura dutenentzat ezin hobea da. Legarren bizitzea ingurune paregabe baten naturarekin eta lasaitasunarekin orekan dagoen bizimodu bat aukeratzea da". Amenabar enpresaren esku-hartzea uda honetan has liteke, eta 2028. urteko amaieran bukatu.
Pabiloiak, ordenazioz kanpo
70eko hamarkadan industria-erabilerarako eremu batean eraiki ziren Legarreko pabiloiak. Urteak igaro ahala, eta Udalaren plan orokorren bidez, bere garaian industria-erabilerakoak ziren eremuak gune urbanizagarri birsailkatu ziren, herriaren hedapenari erantzuteko. Orain, etxe berriak eraiki aurretik, ordenazioz kanpo dauden pabiloi guztiak bota egin beharko dituzte.
Hain zuzen ere, pabiloi horietako tailer baten jabe den Jose Ignacio Uriarte kexu da, bereziki, Udalarengandik jasotako tratuagatik: "2003an, gune hura urbanizatzeko lehen proiektua onartu zen; Landu –gaur egungo Amenabar– enpresa sustatzailea jabeekin negoziatzen hasi zen, jarduera beste industria-eremu batera lekualdatzeko edo ekonomikoki konpentsatzeko. Enpresa sustatzailea ahoz jarri zen harremanetan jabeekin, eta adierazi zien erosketa-prozesua 2003an egindako kalkuluaren erdia baino gutxiagoko oinarri ekonomikoan hasi nahi zuela, inolako justifikaziorik eman gabe. Udalak badaki zein den egoera, eta erantzun digu 'partikularren arteko gaia' dela, proiektuak onartzea edota lizentziak zein proiektuak etetea haren ardura ez balira bezala; herritarrekiko erabateko enpatiarik eza erakutsi du. Instantzia judizialetara jotzera behartuta gaude, gaur arte izan ez dugun babes baten bila".
Udalak ez du, oraingoz, auzi horren gaineko adierazpenik egingo.