Ahozkotasunari ikusgarritasuna emateko baliatu dute nazioarteko eguna

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko martxoaren 20a

Otsailaren 16an abiatu zuten Ahoz Aho jaialdia Arrasatera iritsi da; eta ez nolanahiko egunean, ahozkotasunaren Nazioarteko Eguna baita gaur, martxoak 20.

Intujai teatroko kideek antolatuta egiten ari diren XIX. Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia Arrasatera iritsi da gaur, egubakoitza; Ahozkotasunaren Nazioarteko Egunean iritsi ere.

Hori dela eta, ekitaldia egin dute Kulturaten, eta Amaia Hennebutte lapurtarrak egunaren harira idatzi duen mezua irakurri du Dorleta Kortazar kontalariak. "Erantzukizun handia izan da niretzat. Pena da Amaia ezin etorri izana, baina ilusioz hartu dut aukera, oparitxo bat moduan hartu dut", azaldu du eskoriatzarrak.

Mezuaren funtsaz galdetuta, zera erantzun du Kortazarrek: "Ahozkotasunaren garrantzia azpimarratu gura izan du Amaiak; jendartean eragiteko eta, batez ere, ipuinen garrantzia, euskaraz kontatzearen garrantzia, euskal kulturari izugarrizko ekarpena egiten diolako. Kulturaren baitan daude ipuinak eta ipuinek elkartzen gaituzte".

Horrekin batera, Maider Alcelay arrasatearrak ipuin bat kontatu du, baita Mar Amadok ere. Ostean, hainbat ipuin kontalarik talde argazkia atera dute eta, kalejiran, ahozkotasuna Arrasaten zabaltzen aritu dira. May Gorostiaga ere aritu da kontalari lanetan, jaialdiaren antolatzailea, hain zuzen. 

Amaia Hennebutteren testua

"Zerk egiten gaitu gizaki?
Zerk definitzen gaitu gizaki gisa?
Zerk bereizten gaitu beste izaki bizidunengandik?
Elgarrekin emozioak sentitzeko gaitasuna.
Elgarrekin emozioak bizitzeko gaitasuna, besteak beste, arteari esker. 
Ez arte elitista, museoetako erakusleihoetan erakusten den artea, eta fanfarria handiz aurkezten dena... baizik eta guztion eskura
dagoen zuzeneko artea.
Zuzeneko emanaldi bat (izan dantza, musika edo ipuin kontaketa) bizitzeak, emozio partekatuen mundura bidaiatzeko aukera ematen digu.
Horrek batzen gaitu, horrek hurbiltzen gaitu, horrek gaitu elkartzen.

Ahozkotasuna (ipuin kontaketa besteak beste), arte eszeniko zaharrenetako eta indartsuenetako bat da bere sinpletasunean: istorio bat kontatzen hasten da, besterik ez... eta denok elgarrekin
bidaia batean abiatzen gira. 
Euskal kultura, betidanik oinarritu da ahozko tradizioan, eta horrela iraun du mendeetan zehar.
Euskal ipuin-kontalariek gure kultura eta gure hizkuntza irauten lagundu dute.

Nire esperientzia artistiko ederrenetakoa, ipuin kontaketa esperientzia izan zen, Libanon.
Ahozkotasuna behar ezinbestekoa zela baieztatu nuen orduan.
2018.urtean, Kiribil konpainiarekin Siriako mugara abiatu ginen "Giza Larrialdi Kulturala" izeneko proiektu batean.
Orduan Siriar errefuxiatu kanpamendu batera sartu ginen, ipuinak kontatzeko.
Ehun bat errefuxiatu siriar genituen parean, lurrean eserita (gizonak, emakumeak, haurrak eta adinekoak), guri begira… eta gu, itzultzaile
batekin bertan, gure istorioak, xirula bat eta ilustrazio batzu eskutan…

Aitortzen dut orain, duda ikaragarriek eta zalantza amildegi batek hartu nindutela:
"Zer egiten dut nik hemen, hain jende traumatizatuaren aurrean, istorioak kontatzeko gogoarekin?"...
Baina, lehenengo segundoetan, sentitu nuen.
Sentitu nuen gizon-emakume hauek, nahiz eta bizipen, kultura eta hizkuntza oso desberdinak izan, gurekin bat egiten zutela osoki.
Haien begiek asko esaten zuten, haien entzute isilak oihu egiten zuen: gurekin guztiz inplikatuta zeuden, eta elgarrekin istorioetan zehar bidaiatu genuen.
Guztiok sentitu genuen azkarki: tarte poetiko honetan, 
betiko anai-arrebak ginen.

Gaur egun, eta agian are gehiago pantailen erasoekin eta behartutako indibidualismoaren aurrean, ahozko tradizioak bere lekua hartu behar du, eta bere burua aldarrikatu behar du, gu
iraunarazteko eta gure kulturaren biziraupena bermatzeko.
Haur edo heldu, guztiok behar dugu denbora eten, eta ahozkotasun poesia-irudimen uneak bizitu eta partekatu.
Gizateriak istorioak entzun behar ditu batuta egoteko.

Euskal gizarteak bere istorioak entzun eta gozatu behar ditu bere kultura mantentzeko.
Beraz, aurtengo kartelak erakusten duen bezala, jarrai dezagun gure argiak pizten eta istorioak kondatzeko gure poesiaren leihoak irekitzen, eta noski, gure hizkuntzan, hau da, euskaraz!

Amaia Hennebutte
(Ahozkotasunaren Nazioarteko eguna, 2026ko martxoaren 20a)

...sar dadila Kalabazan!!!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak