Egubakoitz honetan, martxoak 20, Ahozkotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko bi ekimen prestatu dituzte Arrasaten; arratsaldeko seietan lehena, Kulturaten. Bertan, Euskal Herriko ipuin kontalarien izenean Amaia Hennebutte lapurtarrak idatzitako testua irakurriko du Dorleta Kortazar eskoriatzarrak. "Oso polita izaten da, gure lana eta baldintzak aldarrikatzeko espazio bat sortu dugulako", adierazi du May Gorostiagak, Ahoz Aho jaialdiko antolatzaileak.
Jarraian, ipuin ibilaldia abiatuko dute erdigunean, eta kalez kale arituko dira ipuinak kontatzen Mar Amado ipuin kontalari perutarra eta Amaia Elizagoien, Maider Alcelay, May Gorostiaga eta Dorleta Kortazar kontalari euskaldunak. Esan moduan, familia guztiari zuzendutako saioa izango da, kontalarien eta bertaratutako kideen artean "iritziak eta ezagutza" partekatzeko. Hala, Gorostiagak azaldu duenez, ibilaldian hainbat geldialdi egingo dituzte, horietako bakoitzean euskarazko eta gaztelaniazko ipuin kontakizunak partekatuz.
Hannebutteren mezua
Duela lau bat urte hasi ziren, martxoaren 20aren baitan, euskal kontalarien aldarrikapenak idatzi bidez jasotzen. Ordutik, urtero ipuin kontalari euskaldun bat arduratu da jarduera horretaz, eta aurten Hennebutte aukeratu dute horretarako. Lapurtarrak idatzitako aurtengo mezuak, kasu, ipuin kontalaritzaren garrantziaz dihardu, eta "inoizko gizarte indibidualistena den honetan kontalaritzak jendea batzeko duen gaitasunean" egiten du azpimarra.
Euskarazko ipuin kontalaritza erdigunean jartzea helburu

2008an Tolosan eta Ordizian egin zuten ahozkotasunaren lehen jaialdia. Hasierako urteetan hiru euskal kontalarik eta atzerriko beste hiru kontalarik hartzen zuten parte, eta egitarau guztia astebetean gauzatzen zuten. Denborak aurrera egin ahala, Euskal Herriko ipuin kontalarietan jarri dute fokua, eta tokian tokiko kontalarien presentzia handitzen joan da jaialdian. Aurten, esaterako, 30 ipuin kontalarik hartu dute parte, eta jaialdia gero eta sortzaile gehiagoren topaleku izatea lortzeari esker "euskal kontalarien sare bat sortu" dela nabarmendu du Gorostiagak.
Bilakaera handia
Ekimenak "bilakaera handia" izan duela dio Gorostiagak; bai publiko eta bai emanaldien kalitate aldetik: "Jaialdia bere nortasuna hartzen joan da, eta azken lau edo bost urteetan hilabete eta erdiko formatua hartu du, eta gero eta herri gehiago batu dira ekimenera. Dagoeneko hamazazpi herritan egiten den jaialdia da".