Amaitu dituzte Arrasateko Jose Luis Iñarra kalea berriro urbanizatzeko lanak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko martxoaren 4a

Altamira auzoa, airetik ikusita. Argazkia: Arrasateko Udala.

Bukatutzat eman ditu Arrasateko Udalak Altamira auzoko Jose Luis Iñarra kaleko berriro urbanizatzeko lanak. Azken asteotan egin diren lorezaintza lanekin eta zuhaitzen landaketarekin eman zaio amaiera proiektuari; obra nagusiak 2025eko urrian bukatu ziren. 2024ko azaroan iragarri zutenez, auzoa erabat urbanizatzeko bost fase aurreikusten dira guztira.

Jose Luis Iñarra kaleko lanak 2024ko abenduaren 2an hasi zituzten, eta "auzoa atseginago eta irisgarriago" bihurtzea izan dute helburu nagusi, oinezkoen segurtasuna eta espazio publikoaren kalitatea hobetuz. 

Proiektuaren baitan, besteak beste, honako esku-hartzeak gauzatu dira:
● Oinezkoentzako espazioen hobekuntza eta irisgarritasun unibertsala bermatzeko egokitzapenak: espaloi irisgarriak eta eskaileren berrantolaketa. 
● Lur azpiko zerbitzu-sareen berritzea: argiteria instalazioaren azpiegiturak eta euri urak eta ur zikinak jasotzen dituzten hoditeriak.
● Espazio berdeen egokitzapena eta zuhaitz berrien landaketa, auzoari izaera berdeagoa emanez.
● Atseden-gune berrien sorrera eta hiri-altzarien berritzea.

Beste proiektu batzuk

Arrasateko Udaletik azpimarratu dutenez, Altamiraz gain, badira beste hainbat auzoetako proiektuak martxan, edo 2026 edo 2027 urteen artean martxan jartzea aurreikusten direnak:
- Santa Teresa auzoko berriro urbanizatzeko lanak: 2024an hasi ziren lanak, eta gaur gaurkoz zati handiena amaituta badago ere, 2026ko udazkenean amaitzea aurreikusten da. 
- Grupo San Juan auzoguneko berriro urbanizatzeko: 2026 urtean zehar hasiko dira lanak.
- San Andresen, Araba etorbidea berriro urbanizatzeko azken zatia eta bidegorria egitea: 2026ko udaberrian hasiko dira lanak.
- Hainbat kaleren atsegite jasangarria, hirigintza taktikoaren bitartez: Zarugalde kalean, Nafarroa etorbidean eta Zerrajera kalean. Lanak 2026an zehar egingo dira, prozesu ezberdinetan.
- Gorostiza auzoko igogailu berriak: proiektua idazten ari dira, eta 2027rako lanak exekutatzen hastea aurreikusten da. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak