Altamira auzo "atsegin eta irisgarriago bat" bilakatzea da Udal Gobernuaren helburua eta, bide horretan, urbanizazio lanak hasiko dituzte astelehenean, abenduak 2. Hain zuzen, Jose Luis Iñarra kalea berrituko dute, Emakume Txokoaren ondoko igogailutik Santa Marina auzoa hasten denera arte. Auzoaren urbanizazio osoaren 1.1 fasea izango da hori (Ikus beheko mapa).
Hiru zatitan egingo dituzte lan horiek. Lehenik, goiko zatia berrituko dute, Obenerrekako bidegurutzetik hasi eta Mesedeetako ikastetxe ondoan dagoen igogailuraino. Gero, Emakume Txoko paretik Altamirazpiko bidegurutzeraino. Azkenik, Altamirazpiko bidegurutzetik Mesedeetako ikastetxera doan zatian egingo dituzte lanak.
Lanen helburu nagusia herritarrei irisgarritasuna bermatzea izango dela azaldu du Kepa Urteaga zinegotziak. "Horretarako, Jose Luis Iñarra kale osoko espaloiak zabalduko dira eta, hori lortzeko, hainbat lekutan, bi espaloi egotetik bakarra izatera pasako da, araudira egokituz". Halaber, aparkaleku kopurua murriztu egingo da. Izan ere, baterian aparkatu ordez, ilaraka aparkatuko da.
Bi eskailera ere eraitsiko dituzte, 32 eta 18 atarteen ondoan daudenak, araudiari egokitutako berriak eraikitzeko. Era berean, hirugarren eskailera bat ere eraitsiko dute 12 atartean, "irisgarri delako beste bide batetik".
Halaber, Altamirazpi kalea hasten den bidegurutzea mailaz igoko dute, eta "koexistentzia eremu" bilakatuko da. "Modu honetan, lehentasuna oinezkoek izango dute, eta autoen abiadura jaistea lortuko dugu", azaldu du Izaro Agirre udal teknikariak.
Horrekin batera, hainbat berdegune eta zuhaitz ere jarriko dituzte auzoan. "Eremua naturalizatzea ere helburuetako bat izango da. Horretarako, berdegune txiki batzuk sortzeaz gain, Jose Luis Iñarra kale hasieran zuhaitz batzuk landatuko dira, espaloia zabaldu dela aprobetxatuz".
Azkenik, lur azpian dauden azpiegiturak berritzeko aprobetxatuko dituzte lan horiek; "hain zuzen, argiteria instalazioaren azpiegiturak eta euri urak eta ur zikinak jasotzen dituzten hoditeriak dira berrituko direnak", gaineratu du Agirrek.
Urbanizazio osoak, bost fase
Esan moduan, bost fasetik lehena da datozen hamar hilabeteetan gauzatuko dutena. Ondorengo faseak, honako hauek izango lirateke: Monterronerantz doan paseoa, Emakume Txokotik behera (1.2.); auzoko plaza (2); Altamirazpi kalea (3); eta goiko etxebizitzetarako igogailua (4).