Itxura berria hartzen hasi da Arrasateko Jose Luis Iñarra kalea

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ira. 5a, 08:14

Jose Luis Iñarra kaleak itxura berria hartu du urbanizazio lanekin.

Altamira auzo "atsegin eta irisgarriago bat" bilakatzea da Udal Gobernuaren helburua eta, bide horretan, urbanizazio lanak egiten ari dira. Proiektu osoa luze joango den arren, lehen faseko lanak bukatzear dituzte eta jada antzematen da itxuraldaketa.

2024ko abenduan hasi zituen Construcciones Moyua enpresak Jose Luis Iñarra kalea berriro urbanizatzeko lanak, 1.730.465,85 euroko aurrekontuarekin, eta aurreikuspenak betetzen ari dira, oraingoz. "Momentu batzuetan aurreratuta joan dira; beste batzuetan, aldiz, geldoago, baina ez dugu atzerapenik aurreikusten. Beraz, ezustekorik ezean, urri hasierarako amaituta egongo dira lehen faseko lanak", adierazi du Kepa Urteagak, Auzoak eta Obra, Zerbitzua eta Mantenua Saileko zinegotziak.

Proiektuaren helburu nagusia da irisgarritasuna hobetzea eta oinezkoen erosotasuna bermatzea. "Auzo guztietan egiten ari garen moduan, bizilagunei erosotasuna ematea gura dugu Altamiran ere".

Askotariko lanak egin dituzte

Hamar hilabete hauetan hainbat lan eta egokitzapen egin dituzte. "Alde batetik, espaloiak zabaldu ditugu. Halaber, euri-uren eta ur-zikinen saneamendu sarea berritu dugu, baita argiteria eta telekomunikazio eta elektrizitate sareak ere. Gainera, tela asfaltikoa ere berritu dugu, espaloien azpian egon ohi den isolamendurako geruza, garajeetara filtraziorik egon ez dadin", dio Urteagak. Gune batzuetan, halaber, errepidea jaso dute, "oinezkoen joan-etorriak errazteko asmoz". Altamirazpi kaleko bidegurutzean eta Mesedeetako Ikastetxea izandako eraikinaren sarreran egin dute egokitzapen hori. Era berean, hainbat eskailera ere eraitsi dituzte, espaloiari espazioa irabaziz. Elkartearen azpian zegoena da nabarmenena.

Eremua "ahal den heinean" naturalizatzea ere bada asmoa eta, beraz, zuhaitz batzuk ere landatuko dituzte urtarrilean –orduan da sasoi egokia landaketak egiteko–. Landaketa horiekin, amaitutzat emango dute lehen fasea.

Zirkulazioan eragina izan da

Zirkulazioan hainbat eragin izan dituzte lanek. Izan ere, kale estua izanik, semaforoa erabili dute, aldizkako trafikoa bideratzeko. "Badakigu ez dela erosoa izan bizilagunentzat, baina beharrezkoa zen haien egunerokoa hobetzeko. Ez zegoen beste modurik". Obrek abuztuan izan dute eraginik nabarmenena trafikoan, asfaltatze-lanak egin zituztenean. Urrian lanak bukatzen dituztenera arte, hala ere, ez dute aurreikusten trafikoan eraginik izango dutenik.  

Hiru fase geratzen dira egiteko

Altamira osoa berriro urbanizatzeko proiektuak lau fase ditu eta, hasiera batean ordena zehatz batekin aurkeztu zituzten arren, "beharren arabera" gauzatuko dituztela adierazi du zinegotziak. "Hirigintza Sailak jarriko ditu horretarako irizpideak, auzotarren iritziak eta beharrak kontuan hartuta. Beraz, gertatu liteke beharrezkoagoa izatea laugarren fasea bigarrena baino. Laster erabakiko dute hurrenkera zein izango den".

Hurrenkera bata izan edo bestea, lau faseak gauzatzea da Udal Gobernuaren helburua. Hori bai, agian ez dituzte agintaldi honetan gauzatuko. Izan ere, Gobernu Planean lehen fasea baino ez daukate jasota. "Milioika euroko proiektua da, epe luzeko begiradarekin egin beharrekoa. Daukagun alde hona da fase guztietako proiektuak dagoeneko idatzita ditugula eta, beraz, exekuzioak bakarrik esleitu beharko ditugu", azpimarratu du Urteagak.

Altamirarekin batera, beste auzo batzuetan lanak egiten hastea ere bada Gobernuaren asmoa, Grupo San Juanen, Uribe auzoan edota San Andresko Araba etorbidean, esaterako. "Horiei ere garrantzia eman behar diegu, ezin gara auzo bakarrean zentratu".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak