Naturhash denda ixtea erabaki du ugazabak, "babes, erraztasun eta segurtasun faltagatik"

Hasier Larrea 2026ko otsailaren 26a

Otalora Lizentziaduna kaleko lokala, gaur goizean.

Astearte eta asteazken arteko gaueko lapurretaren ostean, bart gauean "pertsona berberak beste lapurreta-saiakera bat" egin duela salatu du Juan Perez-Nievas Naturhash dendako saltzaileak: "Moralki jaso dugun kolpea izugarria da, eta, penatuta, alde egingo dugu Arrasatetik. Gazte ekintzaileok lan egiteko erraztasun handiagoak behar ditugu", azaldu du. 

Naturhash denda irekitzeko apustua egin zutenetik traba ugariri aurre egin behar izan diotela azaldu dio Goienari negozioaren arduradun Juan Perez-Nievasek, 28 urteko farmazialari tuterarrak. Gaur goizean jaso dute azken kolpea: "Atzoko lapurreta gutxi ez, eta gaur modu berean, estolda-tapa bat erabilita, sartu da pertsona berbera lokalean. Irudiak baditugu eta salaketa jarri dugu. Dena den, kontua ez da dirua errekuperatzea; ekintzaile moduan lan egiteko erraztasunak behar ditugu, eta Arrasaten ez dugu halakorik topatu, lapurretekin eta udaletxearekin izandako esperientziagatik", azaldu du.

Lan egiteko "trabak"

Horren harira, gaineratu du "burokrazia gehiegizkoa, Udalaren aldetik jasotako oztopoak eta, batez ere, beldurra" izan dituztela oztopo. Izan ere, urtebete baino gutxiagoan hiru lapurreta jasan dituzte –2025eko uztailaren 23an, 2026ko otsailaren 25ean eta 2026ko otsailaren 26an–, erakusleihoa estolda-tapa batekin apurtuta: "Hautsitako kristal bakoitzaren atzean aurrezkiak, uko egite asko eta hilabetetako lana daude. Gaur, tristura handiz, ateak itxi behar ditugu, segurtasun ezak gure proiektua bideraezin bihurtu duelako. Ez genuen pribilegiorik nahi, lasai lan egin ahal izatea besterik ez".

Ekintzaileek ingurune seguruak behar dituztela azpimarratu du: "Gure herriek bizia, tokiko merkataritza eta bertan geratzea erabakitzen duten gazteak izatea nahi badugu, ingurune seguruak behar ditugu, ekitea muturreko ausardia-ekintza izan ez dadin. Zapore mingotsarekin goaz, gure ondoren datozenek guk izan ez dugun babesa, erraztasunak eta segurtasuna aurkituko duten itxaropenarekin". Era berean, eskerrak eman dizkie Arrasateko bezero eta lagunei, "gugan konfiantza jarri duzuelako".

Naturhash Espainia mailako negozio bat da, eta marihuanan dagoen Cannabidiol substantzia kimikotik (CBD) eratorritako produktuak  eta osagarriak saltzen ditu. Substantzia horrek ez du tetrahidrocannabinolik (THC), kolokoia sortzen duen osagai psikoaktiborik.  Besteak beste, Bizkaian –Ermuan– eta Araban –Laudion– ditu komertzioak irekita eta Gipuzkoa mailan Arrasaten irekitzeko apustua egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak