Ganix Lasa: "Egonkortzea da Arrasate-Udalatx lasterketaren hurrengo eginbeharra"

Xabier Urtzelai 2026ko otsailaren 27a

Mondraitzeko kide Ganix Lasa, aste barruko aurkezpenean.

Arrasateko mendi lasterketak hamargarren aldia izango du bihar, zapatua. 491 korrikalari daude irteera puntura deituta, 09:30ean hasiko den lasterketan.

Elkarrizketa honen helburua ez da joan den asteleheneko prentsaurrekoan esandakoak errepikatzea. Goiena.eus atarian daude biharko lasterketako xehetasun guztiak, eta, hain zuzen, webgune horretan eta Goiena telebistan jarraitu ahal izango da lasterketa zuzenean, 09:30ean hasita. Lasterketak izandako eboluzioaz eta urte hauetako bitxikeriez berba egiteko tartea hartu du Ganix Lasak (Arrasate, 1985); ez pentsa aste honetan antolatzaileek denbora oparitzeko dutenik.

Biharko hitzorduak loa kendu dizue Mondraitzeko kideoi?

Egunotan sakonago egin dugu lo, nekatuago sartu garelako ohera [Barre]. Lanak aldatu egiten dira azken egun hauetan; kudeaketa lana beste plano batera pasatzen da, egun hauek 200 laguneko lantaldea antolatzera bideratzen ditugu eta. 

Mondraitz barruan egongo da ideia berriak etengabe proposatzen ibiltzen dena, eta baita esku-frenotik tiraka ibiltzen dena ere...

Ez izan zalantzarik. Eta adibide bat da aurten sartuko dugun nobedadeetako bat; alegia, atletak tontorretik pasako direla. Aspaldidanik mahai gainean izan dugun kontu bat izan da, eta aurten erabaki dugu momentu ona zela berritasun hori sartzeko. Horrek zenbait segurtasun neurri hartzea eskatu du, araudia egokitzea... Berritasunek beti dakarte lan handiagoa, eta halakoetan erabaki behar izaten da gure energia nora bideratu behar dugun.

Azken urteotan lanak bikoiztu egin zaizkizue: lasterketarekin, batetik; eta streaming-arekin, bestetik.

Hasierako urteetan asmoa zen Udalatxeko irudi ederrak Herriko Plazan txukun erakustea. Plazako esperientzia hori zaindu izan dugu urtero, taldean horretarako baliabideak eta jakintza genituelako, eta pentsa nora iritsi garen, lasterketa zuzenean eskaintzera. Gainera, zuzenekorako gure lasterketak hainbat baldintza betetzen ditu; bideo seinalea bidaltzeko estaldura ona dago Udalatxen bueltan, ibilbidearen zati handi batek baimentzen du mendiko bizikletekin atletei jarraitu ahal izatea... 

Lasterketako sari banaketa ekitaldia, plazan, iaz. 

Zerk ematen du buruhauste handiena?

Lasterketa antolatzeak, zalantza barik. Streaming-a erakusleiho polita da, baina profesionalez osatutako lantaldea dago atzean, eta badute egiten duten horretan eskarmentua. Herri mailan eragin askoz handiagoa du lasterketak berak, eta hura antolatzeko gauza asko izan behar dira kontuan.

Zenbat ate jo behar dira lasterketarako sosak batzeko?

Ate asko, baina estrategiaren parte da. Askorengana joateak lana dakar, eta babesleek fideltasun handia erakutsi digute urte hauetan, baina babesle bakar bat izatea oso arriskutsua izango litzateke, horrek dependentzia handia sortuko lukeelako.

Goi-mailako zenbat atleta jarri dira zuekin harremanetan diru truke etortzeko gertu?

Beste antolatzaile batzuekin harremana dugulako badakigu badaudela halakoak, diru kopuru bat kobratzen dutenak lasterketara etortzearren, baina gure lasterketa ez dago hor. 800 lagun geratu dira itxarote-zerrendan, lasterketara etorri ezinik; ez du zentzurik beste batzuei ordaintzen hasteak. Hori bai, irteeran izango ditugu profesionalak diren atletak, babesleak dituztelako, lasterketak irabazten dituztelako... Eta profesional izateko apustua egin dute. Haiek ongietorriak dira noski; izan ere, herri mailako atletez gain, gustatzen zaigu maila oneko atletak ere egotea.

Aspaldi entzun nuen jendea lasterketa batera baino gehiago esperientzia bat bizitzera joaten dela halako kirol hitzorduetara. Zapatukoa ez da lasterketa soila izango.

Ez; ondoren, jaia ere egingo dugu, musika egongo da... Azken baten, atletak halakoak ere kontuan izaten ditu nora joan erabakitzeko orduan. Korrikalaria mimoz zaintzen dugu, gu kanpora joaten garenean gauza bera gura izaten dugu eta.

Lasterketaren bueltan horrenbeste eragile batu izana da Arrasate-Udalatxen arrakasta handiena?

Handienetako bat bai. Boluntario lanetan 200 lagun egongo dira, askotariko talde eta eragileak daude lasterketa antolatzeko laguntzen. Arrasate anitz bat dago Arrasate-Udalatxen atzean, eta komunean dutena da Udalatx mendia maite dutela.

Zirkuituren baten sartzea izan daiteke hurrengo mugarria?

Ez, ez dugu halako helbururik. Mendi lasterketetako zirkuitu handiendako, akaso, ez, baina beste batzuendako gurea lasterketa erakargarria izan daiteke, Arrasate-Udalatx goxoki polita izan daiteke. Baina, besteak beste, ez dugu erabakitze ahalmenik galdu nahi.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak