"Mozal Ordenantza" indargabetzea eta Garbiketa Ordenantza berrirako eragile izatea nahi dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko otsailaren 24a

Mozalik Ez! Herri Plataformaren aurkezpena, gaur, Kulturaten.

Mozalik Ez! Herri Plataformak deituta, dozena bat lagun elkartu dira gaur, hilak 24, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. 2016a ezkero indarrean dagoen "Mozal Ordenantza" indargabetzea eskatzen dute, eta adierazpen askatasuna bermatuko duen Garbiketa Ordenantza "justuago" bat sortzea; gaurko helburua izan da proposamena azaltzea eta herritar zein eragileen ekarpenak aintzat hartzea. Honako eragile hauek osatzen dute egun plataforma, eta ateak zabalik dituzte: Askapena, AGAKO, Jardun Koordinadora, Matraila eta Mugimendu Sozialista. 

Mozalik Ez! Herri Plataformako kideen arabera, Garbiketa Ordenantza 2016an indarrean jarri zenetik eragile eta talde ugarik "ozen" egin dute berba araudi horren "izaera zentsuratzailea eta errepresiboa" salatzeko: "Adierazpenak, agerraldiak, mobilizazioak, udalbatzako hitz-hartzeak... izan ditugu ordutik, baina mozalak badirau. Garbitasunaren izenean, ordenantza horrek modu selektiboan jo-puntuan izan ditu adierazpen politikoak, eta herriko eragileen aldarrikapenak sistematikoki ezabatu nahiz isilarazteko erabili izan da. Herriko udaltzainei ere zentsura politikoa gauzatzeko betebeharra ipintzen die eta identifikazio zein isunak ugaritu egin dira ordenantza horren bitartez". 

Ordenantza martxan, "ia aurreko agintaldian bezalaxe"

Gaur egungo Udal Gobernuak araudia indargabetu ez izana salatu dute Mozalik Ez! Herri Plataformako kideek: "2023an EH Bilduk, Podemosen laguntzarekin alkatetza lortu zuenean, Mozal Ordenantzaren aplikazioa malgutu egin bazen ere, araudia ez zuten indargabetu nahiz eta kanpainan puntu hori behin baino gehiagotan aipatu izan zuten".

2025eko urritik gaur egunera egoerak okerrera egin duela diote: "Egun batetik bestera kartelak eta pankartak kentzea, udaltzainak propaganda egiten ari ziren kideei jazartzea, isunak ipintzen hastea... Ez dago inolako bermerik herriko eragileentzat, Mozal Ordenantza modu arbitrarioan aktibatzen eta aplikatze dela dirudi-eta. Ziurgabetasun eta indefinizio egoera honetan kolokan dagoena kaleetako adierazpen askatasuna da, berez, Mozal Ordenantza delako indarrean dagoen arau bakarra. Udal Gobernu honek laster hiru urte beteko dituela ikusita eta gaia gehiago atzeratu ezin dela ulertuta deitu dugu batzar irekia, Mozal Ordenantza bertan behera uzteko eta Garbiketa Ordenantza justu bat adosteko helburua partekatzen duten norbanako eta eragileei begira". 

Garbiketa Ordenantza 2026an berritzeko asmoa du Udalak

Arrasateko Udalak urtarrileko osoko bilkuran onartu zuen Araudi Planean jasotzen denez, aurten berritu behar dute Garbiketa Ordenantza: "2016an onartu zen, eta garbitasunean eragin txikia izan duela iritzi du Udalak. Gainera, prozesuan zehar, adierazpen askatasunari lotutako hainbat kexa eta emendakin izan ziren. Ordenantzaren azterketa orokorraz gain, herriko garbitasunerako arau, betebehar eta konpromiso berriak jasotzea aurreikusi du Udalak". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak