2026ko Araudi Plana onartuta, aldaketak datoz Arrasateko hainbat ordenantza eta arauditan

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko urtarrilaren 22a

Martitzenean egin zuten urtarrileko ohiko osoko bilkura.

Urtarrileko ezohiko osoko bilkura egin zuten martitzenean, eta aho batez onartu zuten 2026ko Araudi Plana, zenbait ordenantzetan aldaketak ekarriko dituena. Parte-hartze ordenantza, kale-garbiketarena, zirkulazioarena, hileta zibilena, TAOrena eta Udaltzaingoarena dira horietako batzuk. 

Urtarrileko ezohiko osoko bilkuran, aho batez onartu zuen udalbatzak 2026ko Araudi Plana. Horren baitan, hainbat ordenantza eta araudi aldatzea aurreikusten du Udal Gobernuak. "Urte hasieran onartu behar izaten da Araudi Plana. Aurten, aurreikusten dugu hamabost araudi edo ordenantza berritzea, aldatzea edota deuseztatzea", azaldu zuen Kepa Urteagak, EH Bilduren udal bozeramaileak.

Hori dela eta, "garrantzitsuenak" aipatu zituen: "Batetik, parte-hartzea arautuko duen ordenantza berria aipatuko nuke. Orain arte ez dugu eduki eta uste dugu ordenantza hori estrategikoa dela herritarrak ahalduntzeko eta gobernantza eredu berrietan sakontzeko. Azken agintaldietan, guztion ahotan egon izan da parte-hartzea, eta, horregatik, ordenantza izatea inportantea da, benetako parte-hartzea bermatzeko".

Patinete elektrikoak erdigunean

Bestetik, zirkulazio eta herri barruko bideen ordenantzaren eguneratzea nabarmendu zuen. "Ordenantza hori zaharkituta dago. Puntu garrantzitsuenetako bat da azkenaldian oso modan dagoen mugikortasun pertsonaleko ibilgailuena, patinete elektrikoen erabilera arautzeko, besteak beste. Halaber, abiadura orokorrak ere kontuan hartuko ditu ordenantzak, eta beste hainbat esparrutan ere eragingo du", zehaztu zuen. Ordenantza berriak Arrasateko kaleetako bizikidetza eta mugikortasuna hobetzea izango du helburu eta herritarren beharrak eta gaur egungo araudiaren eguneratzeko beharra uztartuko dituela adierazi zuen Urteagak.

TAOko aldaketak, identifikatuta

TAO sistemaren ordenantzak ere aldaketak izango ditu. "Esan beharra dago hainbat urte pasa direla TAO sistema martxan jarri zenetik eta hobetu beharreko zenbat gauza identifikatuta ditugula jada. Horiek aldatu egin beharko ditugu, eta horregatik datoz aldaketak ordenantzan", zioen Urteagak. "2027an amaitzekoa da zerbitzu kontratua, eta, beraz, garrantzitsua da TAOren ordenantza eraginkorra idaztea, zerbitzu kontratu berrian guztia finkatuta izateko".

Kale-garbiketarena, 2016tik

Kale-garbiketaren ordenantzari dagokionez, 2016an onartu zuten egun indarrean dagoena, eta, "agerian dagoenez", garbitasunean "eragin txikia" izan du. "Hori martxan jartzeko prozesuan, adierazpen askatasunarekin lotutako hainbat kexa eta emendakin egin zituzten herritar batzuek. Beraz, derrigorrezkoa iruditzen zaigu herriko garbitasunerako arau, betebehar eta konpromiso berriak jasotzea. Ordenantza hori gauzatzeko, parte-hartze prozesu bat egongo da", azaldu zuen Urteagak.

Hileta zibilendako gune berria

Hileta zibilen eta Udaltzaingoaren araudiak eguneratzea ere aurreikusten du Udal Gobernuak. Hileta zibilen araudiari erreparatuta, 2010ean onartu zen eta 2012an aldaketa batzuk egin zizkioten. "Hala ere, azken hamabost urte hauetan gizartea asko aldatu da eta hileta zibilak leku duin eta goxo batean egiteko aukera izatea eskatzen digute hainbat herritarrek". Orain arte, kalean egin izan dira halako ekitaldiak, Aldai parkean, esaterako, baina funtsezkoa da beste espazio bat aurreikustea. San Frantzisko eliza izan daiteke aukeretako bat.

Udaltzainen "gertuko eredua"

Udaltzaingoaren araudiaren harira, "gertuko udaltzain eredua" ezartzeko hainbat neurri hartu dituztela zioen Urteagak. "Besteak beste, gure lan-poltsa propioa lehenetsi dugu, Arkauteko lan-poltsa bateratutik aterata". Debagoieneko lan-poltsa bateratua lantzen ere ari dira, bailarako hainbat udalekin. "Aurrelanketa bukatzen ari gara eta epe labur-ertainean prest izatea espero dugu".

Eusko Jaurlaritzaren 24/2024 dekretua ere nabarmentzekoa izango da Udaltzaingoaren araudiaren baitan. Izan ere, udaltzainak suzko armak eramatera behartzen ditu dekretu horrek, eta horiek erabiltzeko araudia prestatu behar dute udalek. "Udal Gobernuak behin eta berriz defendatu izan du Udaltzaingoak ez duela suzko armak erabiltzeko beharrik euren funtzioa betetzeko, eta Udaleko Enpresa Batzordeak bat egiten du horrekin", esan zuen Urteagak. "Halere, Udala behartuta dago legea betetzera, eta, ondorioz, armak ahalik eta gutxien erabil ditzaten osatuko dugu araudia, betebeharrak eta bermeak ezarriz. Nobedade bat izango da herrian, eta ondo ezarri behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak