Orbik Cybersecurity Indiara joan da, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin batera

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 19a

AI Impact Summit 2026ra joandakoen talde-argazkia; Mondragonetik Oskar Goitia, eta Orbikeketik Salva Trujillo daude bertan. Argazkia: Orbik Cybersecurity.

Ikerlanen eta Mondragonen baitan sortutako startup teknologikoa da Orbik Cybersecurity. Aste honetan, Indiara joan dira Espainiako Gobernuko presidentearekin batera AI Impact Summit 2026 goi-bileraren testuinguruan. Adierazi dutenez, Orbikek "Mondragoneko startup kooperatibo teknologikoen DNA erakutsiko du goi-bileran, baita zibersegurtasun industrialaren alorrean estatuko erreferente gisa duen rola ere".

Adimen artifizialak industrian, ekonomian eta gizartean duen eragina aztertzeko egiten den nazioarteko foro nagusienetakoa da AI Impact Summit goi-bilera. Indian ospatuko da eta Orbik Cybersecurity bertara joan da, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidentearekin batera.

Orbik Cybersecurityk produktu elektronikoentzat zibersegurtasun soluzioak daramatza Indiara. Izan ere, araudia betetzen duten bermea behar dute produktu horiek, eta, Orbikek, hortara bideratutako soluzioak garatzen ditu adimen artifizialaren bidez. "Soluzio horiek produktuaren bizi-ziklo osoa bermatzen duen plataforma propio batean artikulatzen dira, diseinutik hasi eta haren eragiketa eta mantentze-lanetaraino", diote Orbiketik.

Gaur gaurkoz, Orbik plataformak hainbat sektoretan du presentzia: Iberdrolaren azpiestazio elektrikoen zibersegurtasuna hobetzeko erabiltzen da, baita CAFen sistema elektroniko konektatuetan, eta Makineria eta Automatizazio Industrial aurreratuko enpresetan ere bai.

Lankidetza teknologikoa indartzeko

Orbikek Mondragon kooperatiba taldearen babesarekin hartuko du parte goi-bileran. Asmoa da, lankidetza teknologikoa indartzea eta adimen artifizialak eta zibersegurtasunak eraldaketa digitalaren eragile estrategiko gisa duten zeregina balioan jartzea. "Industriaren, berrikuntzaren eta lankidetza publiko-pribatuaren arteko elkarlana funtsezkoa da digitalizazioaren erronka globalei aurre egiteko. Horrelako ekimenek aukera ematen dute ezagutza partekatzeko eta elkarrekin garapen berriak egiteko aukerak sortzeko, burujabetza teknologikoa estrategiko bihurtu den aldaketa garai hauetan", azaldu du Salvador Trujillok, Orbik Cybersecurityren CEOak.

Enpresa "erreferenteekin" batera

Orbikekin batera, bestelako enpresa batzuk ere hautatu dituzte bisita honetarako. Hala nola: Kaleidos, Libellium, Lookiero, Multiverse Computing, 1MillionBot, Sateliot, Sherpa AI, Submer eta Visual Nacert-ekin. Guztiak, Pedro Sanchezekin batera egon dira Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak bultzatutako misioan. Indiako bisita, 2026ko Dual España-India urtearen baitan egin da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak