Txatxilipurdi elkarteak eguaztenean aurkeztu zituen aurtengo udaleku irekiak. Uztailaren 1etik 22ra bitartean egingo dira, eta Arrasateko kale eta naturaguneetan barrena, "egun pasak, mendi bueltak eta ur jolasak" bezalako ekintzak egingo dituztela jakinarazi dute.
Haurraren ongizatea erdigune izanda, "euskaraz, naturaz, sormenaz, bizikidetzaz, elkartasunaz eta talde lanaz bustitako" hiru eskaintza desberdin izango dituzte udaleku irekiek; horietako bakoitzean Txatxilipurdik "aisialdi hezitzaile euskalduna" eta "bizitzarako beharrezkoak diren balore eta gaitasunak" garatzen laguntzea izango du helburu. Azken urteetako dinamika jarraituz, aurten ere taldeak nahasten saiatuko dira "adin-artekotasunak eskaintzen duen aberastasuna balioan jartzeko".
Hiru eskaintza
Adinaren arabera, Bilin Boloka, Bihurrikeixetan eta Erokeixetan taldeetan banatuko dituzte udalekuak: Bilin Boloka taldea 2020tik 2023ra artean jaiotakoentzat; Bihurrikeixetan taldea 2017tik 2019ra artean jaiotakoentzat, eta Erokeixetan taldea 2014tik 2016ra artean jaiotakoentzat. Matrikulatzeko prezioak desberdinak dira taldearen arabera. Bilin Boloka taldearen kasuan, 143 eurotan, eta, Bihurrikeixetan eta Erokeixetan taldeen kasuan, berriz, 189 eurotan.
Horrez gain, zaintza zerbitzuak 60 euro balioko ditu. Eta hobariei dagokienez, zaintza zerbitzuan ez ezik, prezio guztietan %5eko deskontua aplikatu ahalko dute AEDko bazkideek eta familia ugariek.
Izen-ematea
Udalekuetan izena ematea posible izango da Txatxilipurdiren webgunean; QR kode baten bidez; Txatxilipurdiren bulegoan —astelehenetik eguenera, 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 17:00etara—, edo 943 79 54 46 telefono zenbakira deituz, edota Musakolan, erdigunean eta San Andresen jarriko dituzten guneetan.
Horrez gain, azaldu dute informazio puntuak jarriko dituztela udalekuen inguruko zalantzak argitzeko:
- Otsailak 12, eguena, Biteri plazan. 17:00-18:30
- Otsailak 19, eguena, Musakolako Institutu aurrean. 17:00-18:30
- Otsailak 27, egubakoitza, Arimazubi plazan. 17:00-18:30
- Martxoak 3, martitzena, Kurtxetxiki plazan. 17:00-18:30
- Martxoak 6, egubakoitza, Seber Altube plazan. 17:00-18:30