Hamahiru ikastetxe eta 49 talde arituko dira First Lego League txapelketan, Arrasaten

Eki Letona Erretolatza 2026ko urtarrilaren 27a

First Lego League 2025, Iturripen.

First Lego League Euskadi programak inoizko partaidetza handiena izango du 17. edizioan: 3.400 ikasle baino gehiago ariko dira lehian otsailaren 28an. Lau egoitza izango ditu finalak, eta Mondragon Unibertsitatearen Iturripeko campusa izango da horietako bat. 

Hamazazpigarren aldia du aurten First Lego League ekimenak, eta aurtengo erronkak arkeologia du oinarri: "Erronkak Unearthed du izena, lurpetik ateratakoa. Euskadin, ikasleek bisita zientifiko-teknologikoen egitarau bat izaten dute programari loturik. Hala, bisita horien bidez ekitaldi bakoitzeko erronkarekin loturiko ezaguerak eskuratzen dituzte, ondoren beren berrikuntza-proiektua egiteko eta, horren bidez, benetako arazo bati soluzioa emateko".

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, da FLL Euskadi programaren antolatzailea, Deustoko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eta Hezkuntza Sailak, hiru Foru Aldundiek eta hainbat erakunde publikok eta pribatuk babesten dute programa. Hamazazpi urte hauetan, First Lego League Euskadi STEAM Hezkuntzako erreferentziazko programa gisa sendotu da Euskadin. Ekimenaren helburua 6 eta 16 urte bitarteko euskal ikasleen artean zientziarako eta teknologiarako bokazioak sustatzea da.

Bi kategoriatan banatuta

Taldeek bi kategoriatan parte hartuko dute, adinaren arabera: Explore kategorian, 6 eta 9 urte bitarteko ikasleek. Adin tarte horretako lantaldeek maketa bat eraikitzen dute Lego eredu motordun batekin, eta poster bat diseinatzen dute urte bakoitzeko erronkari emandako soluzio berritzailea aurkezteko.

Challenge kategorian 10 eta 16 urte arteko ikasleek hartuko dute parte. Adin tarte horretan, robot bat diseinatuko dute tapiz baten gainean hainbat misio egiteko gai dena, eta berrikuntza-proiektu bat garatzen dute urteko gaiarekin lotura duen arazo erreal bati erantzuteko. Torneoaren egunean, partaideek beren roboten bidez lehiatzen dute, eta epaimahaiaren aurrean aurkezten dituzte beren proiektuak, FLL programaren balioak lanean nola aplikatu dituzten erakutsiz.

Inoizko partaidetza handiena

Edizio honetan, 68 ikastetxetako 3.410 ikasle ari dira parte hartzen ekimenean. Horietatik %66 Bizkaikoa da, %19 Arabakoa eta %15 Gipuzkoakoa. Torneoa otsailaren 28an izango da, larunbatez, eta guztira 207 talde ariko dira lehian Arrasaten, Bilbon, Gasteizen eta Donostian, 71 ikastetxe guztira. "Inoizko partaidetza handiena da hori First Lego League Euskadi programaren aurreko ekitaldiekin alderatuta. Euskadiko torneoa estatu osoko garrantzitsuenetako bat da, hala antzinatasuna nola partaide kopurua aintzat hartuta."

Egoitza bakoitzeko talde irabazleek Espainiako finalerako txartela eskuratuko dute. Apirilaren 11n, Burgosen, jokatuko dute final hori, eta hor First Lego League ekimenak mundu osoan antolatzen dituen nazioarteko torneoetara joateko aukera lor dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak