Betea izan da aurtengo Zuhaitz Eguna Arrasaten. Alde batetik, zuhaitz azoka egin dute, eta bestetik, zuhaitz landaketa.
Zuhaitz azoka
Aurtengoan hiru mintegik hartu dute parte zuhaitz azokan: Arrasateko Ekoudalatxek, eta Zaldibarko Areitiok eta Belarrek –iragarrita zegoen Zarauzko Lurberry ez da egon–. Horiez gain, Gasteizko Euskal Herriko Hazien Sarekoak ere egon dira, bertako fruta-arbola barietate tradizionalekin.
Hainbat espezieren artean aukeratu ahal izan dute herritarrek: fruta-arbolak, bertako hostozabalak, koniferoak, lorategiko landarak, basoko fruitu txikiak, ekologikoak...
Arrasatearrez gain, bailarako jendea ere egon da azokan erosten; esaterako, oñatiar familia batzuk izan dira. Eta bailaraz kanpo, adibidez, Elgoibartik etorritakoak ere egon dira, besteak beste.
Zuhaitz landaketa
Familiek eta haurrek, bestetik, aukera izan dute zuhaitzak landatzeko. Hori, Etxezarretako parkean egin dute, iaz bezala, eta aurten 400 zuhaitz eraman dituzte. Ekimen horretan parte hartzeko, aurrez izena eman beharra zegoen eta hori egin dute 120 lagun inguruk, baina gehiago ere izan direla azaldu du Pello Garai Arrasateko Landa Inguruneko teknikariak. Gurasoez eta umeez gain, nerabeak ere egon dira aurten zuhaitzak landatzen.