Udalaren eta komunikabide batzuen partetik jasaten ari den "kriminalizazioa" salatu du AGAKOk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2026ko urtarrilaren 16a

AGAKOren prentsaurrekoa, gaur, Arrasateko Herriko plazan.

Arrasateko Herriko plazan egindako agerraldian, urtarrilaren 9ko "gertakariak argitzea" eta Arrasateko Udalaren zein komunikabide batzuen partetik jasaten ari den "kriminalizazioa" salatu du AGAKOk: "Jarrera kriminalizatzaile eta autoritarioen aurka antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu", adierazi dute, besteak beste. 

Gaurko agerraldian irakurritako testuan diote, besteak beste, Udalaren adierazpen instituzionalean udal langile guztiak "zaku berean" sartu izana: "Udal langile denak zaku berean sartzen saiatu da Udala, Udaleko langile denei babesa adieraziz. Udaltzaingoaren eta gainontzeko udal langileen arteko berdinketa bat egiten saiatu dira, udal langileak modu interesatuan erabilita. Denok dakigu honetan guztian Udaltzaingoak eta Udalak dutela erantzukizuna, eta ez brigadako langileek, BAZekoek edo administrazioko langileek". 

AGAKOk deitutako agerraldia. 

"Kontakizun interesatua" 

Gainera, udalbatza osatzen duten alderdiak "gezurretan" aritu direla ere badio AGAKOk: "Alderdiek gezurretan oinarritutako kontakizun interesatua zabaldu dute, gaztetxearen eta gazteria langilearen kriminalizazioari bidea ireki diona. Gerora, Diario Vasco eta Noticias de Gipuzkoa bezalako komunikabideek kontakizun hori erreproduzitu dute; interesatua, diogu, gure ustez benetako arazotik fokua desbideratzen saiatu direlako, fokua existitzen ez diren gazte biolentoetan jartzea eta ez Udalaren azken aldiko politiketan". 

Gainera, "mozal legearen" aurka ere egin du AGAKOk: "Hauteskunde garaian eta agintaldi hasieran hainbatetan eman zenuten hitza mozal legea kendu eta garbiketa ordenantza berri bat adosteko herriko eragile ezberdinekin adoste-prozesu bat hasiko zenutela. Zuen hitza betetzea exijitzen dugu, mozal ordenantza berehala ezabatuz eta garbiketa ordenantza justu bat adosteko prozesua abiarazteko". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak