Arrasateko Udalak babesa eta aitortza adierazi die udaltzainei

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko urtarrilaren 14a

Dia supermerkatuko paretan egin zuten grafitia.

Adierazpen instituzionala egin du Arrasateko Udalak, urtarrilaren 9ko gertakarien harira, eta babesa eta aitortza adierazi die udal langile guztiei, "bereziki herritarrei arreta zuzena ematen aritzen direnei, eta kasu honetan udaltzainei".

Adierazpenak dio Arrasateko Udaleko langile publikoek eguneroko lana "ardura handiz, gaitasun profesionalarekin eta herritarren zerbitzura aritzeko bokazioz" betetzen dutela. "Denek dute ezinbesteko zeregina udal zerbitzuek behar bezala funtziona dezaten eta gure herriko elkarbizitza bermatzeko; izan hauek gizarte zerbitzuetan edo BAZen herritarrak artatzen dituztenak, zein udaltzainak, brigadako langileak edota administrazioko langileak".

Udalak argitu du egiten ari ziren grafitiak ez zuela eduki politikorik, egileen sinadura soilik jasotzen zuen*. "Protokoloari jarraika, Udaltzaingoa bertaratu egin zen eta grafitia egiten ari ziren bi pertsonak identifikatzera zihoazela, hauek korrika atera ziren. Grafitiak egiten atzematearen ondorioa identifikazioa eta administrazio espedientearen irekiera dira, Arrasaten inor ez da atxilotu horregatik", dio oharrak.

Gazteetako bat identifikatzen ari zirela, 6-10 pertsonek, makilak eskuan, Udaltzaingoa mehatxatu zutela salatu du Udalak. "Udaltzaingoak, bere segurtasuna arriskuan ikusita, alde egin behar izan zuen, eta horietako makil bat Udaltzaingoak konfiskatu zuen", gehitu du.

Adierazpenak argi dio "adierazpen askatasunerako eta edozein udal politika kritikatzeko edo zalantzan jartzeko eskubide legitimoa" duela herritar orok. "Hala ere, gai honen harira, egunotan, desinformazio mezuak zabaltzen ari dira herrian, frogarik gabeko akusazioak eginez, Udaltzaingoaren aurka".

Horrez gain, adierazi du Arrasateko alkateak hainbat bilera eta elkarrizketa izan dituela pertsonalki udal langileekin, identifikatutako gaztearekin eta haren gurasoekin. "Udalaren ezinbesteko obligazioa da herritarrentzat lan egitea, baita udal langileei errespetua eta lanerako espazio segurua bermatzea ere. Aldi berean, herritarren esanetara gaude, eta, beraz, ezinbestekoa da hurbileko eta kalitatezko zerbitzua eta hartu-emana bermatzea, etengabe hobetzeko bokazio argiz".

Lau erabaki hartu ditu Udalak

Horregatik, Udalean ordezkatuta dauden alderdiek uste dute "beharrezkoa" dela adieraztea udal langile guztiekiko babes instituzionala eta "erabateko konpromisoa". Bide berean, lau erabaki hartu ditu. Lehena, esan moduan, zera da: "Arrasateko Udaleko Udalbatzarrak babesa eta aitortza adierazten die udal langile guztiei, bereziki herritarrei arreta zuzena ematen aritzen direnei, eta kasu honetan udaltzainei".

Halaber, Udala oso kezkatuta azaldu da gaiarekin, eta "erantzukizunez" lanean ari dela azpimarratu du. "Bizikidetza kaltetzen duten jarrerak ez dira onargarriak", gaineratu du.

Udaltzaingoaren lana integrala dela ere azaldu du Udalak. "Herritarrei laguntzeko bokazioa du, egoera zailenetan ere, gainontzeko zerbitzu publikoak bezala". Hala, Udaltzaingoaren "hurbileko ereduaren alde" lanean jarraituko dutela zehaztu du.

Azkenik, arrasatearrekin duen konpromisoa berretsi du Udalak. "Berresten du, halaber, zerbitzu publikoarekin duen konpromisoa, etengabe hobetzeko eta kalitatezko arreta emateko bokazioa, bai eta bertako langile guztiekin duen konpromisoa ere, eta gogorarazten du horietako bakoitzaren jarduna lagungarri zaiola Arrasateko herritar guztion ongizateari, segurtasunari eta bizikidetzari".

*Oharra: GOIENAk beste pintaketa bat erakutsi zuen hasieran, okerrekoa zena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak