Arrasateko Udalak salatu du gazte batzuk Udaltzaingoari jazarri zaizkiola

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko urtarrilaren 12a

Egubakoitz gauean, urtarrilak 9, grafiti bat egiten ari ziren bi gazte Olarte kalean, eta, herritar baten abisuaren ondorioz, gazte horiek identifikatzera joan ziren udaltzainak. Udalak salatu du une horretan gazte gehiago batu zirela eta udaltzainei makilekin mehatxu egin zietela.

Maider Morras alkateak, gutun bidez, salatu du hainbat pertsonak agenteen aurka egin zutela, gazteetako bat identifikatzen ari zirela. "Protokoloari jarraika, udaltzainak grafitia egiten ari ziren bi gazteak identifikatzera zihoazen eta horiek korrika atera ziren. Grafiti batengatik ez da inor atxilotzen, soilik identifikatuak izaten dira espediente administratiboa martxan jartzeko", azaldu du. "Behin gazteetako bat identifikatzen ari zirela, 6-10 pertsonek, makilak eskuan, Udaltzaingoa mehatxatu zuten. Udaltzaingoak, bere segurtasuna arriskuan ikusita, alde egin behar izan zuen, eta horietako makil bat Udaltzaingoak konfiskatu zuen", zehaztu du alkateak.

Hurrengo egunean, "desinformazio mezua" zabaldu zela salatu du Morrasek, "frogarik gabeko akusazioak" eginez Udaltzaingoaren aurka.

Olarte kaleko grafitia.

Hala dio alkateak aipaturiko mezuak, GOIENAk jakin ahal izan duenez: "Gazte batek lortu zuen ihes egitea eta gaztetxe ingurura ailegatzea. Denok ezagutzen dugu gaztetxeko sarrera; iluna da, kamera bakoa, eta bizilagunik ez dago. Han, atxilotzerakoan, ubelduekin eta zauriekin bukatu zuen gazteak. Azkenean, lortu zuen ihes egitea, laguntza eskatu zuelako eta gazte talde bat hurbildu zelako laguntzera. Beste gazte batek, Ferrerias kalean, Dia supermerkatu ondoko eskaileretatik gora ihes egiten ari zela, udaltzainen auto batek gaztea harrapatu zuen eta lurrera bota. Ostera, ihes egitea lortu zuen". 

Ikerketa abian da

Udaltzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da eta alkateak dio hainbat bilera eta elkarrizketa izan dituela pertsonalki udal langileekin eta identifikatutako gaztearekin. "Gobernu bezala asko kezkatzen gaituen gaia da, eta erantzukizunez ari gara lanean. Honelako jarrerak ez dira onargarriak. Horregatik, gaur-gaurkoz dagokiguna da, Udaleko eta udal langileen arduradun nagusi bezala, gure kezka adieraztea gai honekiko, eta gertatutakoa argitzeko lanean jarraitzen dugula azaltzea", nabarmendu du.

Horrekin batera, "lehentasunezkotzat" jo du babesa ematea Udaltzaingoari, "horrelako ekintzak oso larriak baitira". Datozen egunetan udal ordezkaritza duten alderdi guztiekin bilduko da Udal Gobernua, gaia aztertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak