Egubakoitz gauean grafitiak egiten ari ziren bi gazteei Udaltzaingoak "segada bat" prestatu zietela dio AGAKOk. "Ihesaldian gazte bat gaztetxeko sarreran atxilotzen saiatu ziren, eta denok ezagutzen dugu bertako sarrera; iluna, isila eta lekukorik gabea. Beste bat Ferrerias kalean udaltzain-kotxearekin harrapatu zuten. Gazte biak adin txikikoak zirela azpimarratzekoa da", gaineratu du.
Udaltzainak ez zebiltzan gaztea identifikatzen, gutunaren arabera, "bortizki atxilotzen" baizik. "Momentuan, gazteak bere burua arriskuan ikusita, gaztetxeko atea kolpatzen hasi zen, laguntza-eske, oihuka. Kasualitatez, barruan zegoen gazte talde bat irten zen eta, egoera ikusita, atxiloketa saihestu eta gaztea babestu zuten. Gaztea laguntzera joan zirenek ez zituzten makilak eskuan, makila bat zeukaten, gaztetxeko atea ondo ixteko behar den makila, bertatik irteteko eskuan hartu behar duzuna. Makila ez zen inongo momentuan erabili agenteen aurka. Benetan kezkatu behar gaituena gazte talde batek poliziak jazartua den gazte bat laguntzea da? Ez gintuzke kezkatu beharko gure herriko Udaltzainen jarrera matoiak?", adierazi du AGAKOk.
AGAKO: "Ez dira gertaera isolatuak"
Halaber, salatu du Udalaren adierazpenean ez dela aipatzen "Arrasateko gazte bat autoarekin harrapatu zutela", taldearen arabera. "Hori ez da gaztearen segurtasuna arriskuan jartzea? Eskaini diozue babesa gazteari? Zergatik ezkutatzen duzue harrapaketa?", galdetu dute. Era berean, "Udaltzaingoaren gehiegikeria" salatu dute, "gertaera isolatuak ez direla" gehituz, "Arrasaten azken aldian errepikatzen ari diren jarrera autoritario eta errepresiboen ondorio zuzena baizik".
Horrekin batera, salatu dute "PNV eta PSEren garaitik datorren Mozal Ordenantzak" indarrean jarraitzen duela. "Propaganda politikoa etengabe ezabatzen da, ia egunero kentzen du propaganda Udalak, zentsura politikoa aplikatuz". Jardun politikoa "behin eta berriro isunekin zigortzen" dela ere adierazi dute.
Bukatzeko, zera aldarrikatu dute: "Etor daitezkeen errepresio kasuei aurre egingo diegu, eskubide politikoen alde eta jazarpen polizialaren aurka lanean jarraituko dugu".