Astore erosteko interesa agertu dute hainbat enpresak, eta enkantea egingo dute hilaren 23an

Hasier Larrea 2026ko urtarrilaren 16a

Astore ehungintza enpresa da Ternua Group barruko lau marketatik saltzeko falta den bakarra, 2025eko ekainean taldea hartzekodunen lehiaketara aurkeztu zenetik. Loreak Mendian, Lorpen eta Ternua markekin gertatu bezala, Astore erosteko interesa agertu dute hainbat enpresak; notario aurreko enkantean erabakiko da markaren jabe berria. 

Astoreren salmentarekin, Ternua Groupek bere lau marken biziraupena ziurtatuko luke, eta hartzekodunen lehiaketarekin amaitu. Datozen egunetan argituko da euskal kirol talde ugari jantzi dituen arropa markaren etorkizuna. Konkurtsoko-administrazioaren gertuko iturrien arabera, hiruzpalau enpresak agertu dute Astore erosteko interesa, tartean, Gipuzkoan errotutakoek. Salmenta gauzatzeko enkantea egingo dute notario aurrean, hilaren 23an, ostirala, eta egunean bertan bukatu daiteke prozesua, edo egun gehiagotan luzatu. 

Ternua Groupek bere beste hiru markak gertuko enpresei saldu dizkie udazkenean zehar: Loreak Mendian Irungo Borobitex enpresari, 800.000 eurogatik; Ternua Mondragon Talde barruko Dikarri, 1,5 milioi eurogatik; eta Lorpen Ternua taldeko langile izandako talde bati, 400.000 eurogatik.  

Ternua Group 2025eko ekainean aurkeztu zen hartzekodunen lehiaketara, 16 milioi euroko zorrari aurre egin ezinda. Enpresako arduradunek esker ona adierazi zuten sare sozialetan, laguntza eta elkartasun mezu ugari jaso zituztelako, eta aurrera egiten ahaleginduko zirela ziurtatu zuten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak