Zarugalde kaleko 48-54 atarteen atzealdean, Erguin ondoan, dagoen mendi-hegala egonkortzeko proiektua gauzatzeko behar den partida berehala gaitzea eskatu dio Arrasateko EAJk Udal Gobernuari. "Proiektua dagoeneko idatzita eta amaituta dago", azaldu du Ander Garayk, jeltzaleen udal bozeramaileak. "Segurtasunarekin ezin da jolastu. Proiektua amaituta egonik, aurrekontua jartzea eta jardutea falta da".
Jeltzaleek adierazi dutenez, 2025eko otsailaren 24an, Udalak enpresa bati esleitu zion malda hori egonkortzeko proiektua idaztea. "Ondoren, 2025eko azaroaren 15ean, Auzoen Batzordean jakinarazi zitzaigun proiektua amaituta zegoela eta segurtasuna bermatzeko behar ziren jarduera guztiak jasotzen zituela".
Proiektu horretan sartzen dira, EAJren arabera, honako lan hauek: mendi-hegala egonkortzeko lanak, etxebizitzen atzeko aldean babes-neurriak jartzea, ezpondaren goiko alderako sarbidea, mendi-hegaleko sastrakak kentzea, euri-urak behar bezala biltzea eta obrak amaitu ondoren beharrezkoak izango diren mantentze-lanak. "Aurreikusitako aurrekontua 518.000 eurokoa da, BEZa barne", zehaztu dute.
Zerrajeran gertatutakoa gogorarazi du Garayk. "Garaiz egindako jarduera baten faltak kale zati bat hilabeteetan itxita edukitzera behartu zuen, segurtasuna bermatu ezin zelako. Ezin dugu akatsik errepikatu. Proaktiboak izan behar dugu, arazoei aurre hartu behar diegu".

"Proiektuak jarraipena behar du"
Jeltzaleek diote jarduera hori Udalak berak azken urteetan gauzatutako beste batzuen jarraipena dela. "2014an, Zarugalde 44 eta 46 artean dagoen mendi-hegala egonkortzeko lanak egin ziren, 469.000 euroko aurrekontuarekin, eta 2023an Bizkaia etorbideko hegala konpondu eta egonkortzeko lanak egin ziren, 48.000 euroko inbertsioarekin".
Hori esanda, Udal Gobernuari 518.000 euroko partida "berehala" sortzeko eskatu diote jeltzaleek Udal Gobernuari, "beharrezko pleguak martxan jartzeko eta obrak aktibatzeko, 2026an Zarugalden segurtasuna erabat bermatuta egon dadin".